Zuzendaria: Chloé Zhao

Urtea: 2020

Herrialdea: AEB

Saila: PERLAK

 

-Basamortuko belauntziak-

Ez dira hilabete asko pasa lehen aldiz  The Rider (2017) ikusi nuenetik, Chloé Zhaoren bigarren lana. Aho bete hortz eman nuen film osoa eta, amaitzean, negarrez eman nituen hurrengo hamar minutuak-edo, pantaila beltzari begira. Aste horretan, filmari zein Zhaori buruz jakiteko guztiak bilatu eta ikasi nituen, obrarekin benetan liluratuta.

Irudikatu ditzazkezue zein handiak ziren nire gogoak Nomadland Zinemaldian ikusteko, Perlak sailean lehiatzen. Hare handiagoak, filmak Veneziako Urrezko Lehoia irabazi zuenean; eta sekulakoak, aste honetan bertan, Torontoko zinemaldian ikusleen sariarekin egin denean. The rider aurrekaritzat, eta bi sariak irabazita, Nomadland obra ahaztezina behar zuen izan.

Zhaoren begirada gizatiarra eta bere zuzendaritza lan galanta. Nevadako izotzetatik, Arizonako desertura, eta handik, Hegoaldeko Dakotako Badlands parkeko paisaia ederretara garaman Joshua James Richarden begi trebea, argazkilaritza zuzendari lanetan. Ludovico Einaudi sarituaren esku dagoen musika hunkigarria.  Beti bezala, antzezpen gogoangarria oparitzen digun Frances Macdormand, ezpaina zimurtzearekin pantaila betetzea lortzen duena. Hondo sozial zeharo interesgarria, furgonetan bizi eta bidaiatzen duten AEBetako nomad izenekoak, bazterretan bizi den taldearen erretratua. Urteko filma izateko baldintza guztiak betetzen ditu Nomadland-ek. Neu, baina, ez nau konbentzitu.

Bisualki poesia hutsa eraikitzen du Zhaok, baina, lirismo hori istoriora pasatzeko orduan, bere transzendentzia asmoak gehiegizkoak bihurtzen dira, ageri-agerikoak, ia gogaikarriak. Filma hainbeste tematzen da sakona izaten non, niretzat, hutsala bihurtzen amaitzen den. Ordu bat eta berrogei minutu irauten duen moralkeria hippyaren kutsua hartzen amaitzen du istorioak.

Sakona eta zentzuz betea izateko asmo burugogorra? Hasieratik nire itxaropenak altuegi izatea? Pobreziaren erromantizazio puntutxoa? Ez dakit zein izan ote den arrazoi nagusia, baina zinema aretotik gogaituta atera naiz, diskurtso bihozbera pisutsuak aspertuta.

Hain txalotua izan den filma, zeharo arrakastatsua izateko bidean dago. Horrek, zalantzarik gabe, ate berriak irekiko dizkio Zhao talentudunari, Marvel sagako Eternals (2020) proiektua amaitzeko lanetan dabilena orain.

Filma aparta da, ez nuke kontrakoa inolaz ere esango; baina, nire kasuan, ez du funtzionatzen. Ikusi beharrekoa noski badela Nomadland , izan ere, Zhaok eta bere taldeak esperientzia sentsorial osoa eraikitzen dute maisuki. Hoberena opa diot, bada, gizartetik (gizarteak) baztertuta bizi diren nomaden erretratu honi.