Zuzendaria: Suzanne Lindon
Urtea: 2020
Herrialdea: Frantzia
Saila: ZUZENDARI BERRIAK
-Xehetasunen handitasuna, hamasei urteen heldutasuna?-
Ospatu ez den Cannesetik Zinemaldira dator 16 printemps, 16 urteko Suzanne (Suzanne Lindon) eta 35 urteko Raphaelen (Arnaud Valois) maitasun istorioa, New Directors sailean lehiatzen dena. Frantsesak ez al dira inoiz aspertuko neska adingabeen eta gizon helduen arteko harremanak zinemara eramateaz? Ezetz dirudi.
Zalantzarik gabe, zinta honetako elementurik esanguratsuena Suzanne Lindon bera dugu, soilik 20 urterekin filma idatzi, zuzendu eta protagonizatu egiten duena. Eta zelako mailarekin! Duela bost urte hasi zen filmaren gidoia bihurtu izan den testua idazten, naturaltasunez, bere bizitzan jazotzen ari zenaren egunerokotzat. Bere istorioa esposatzeaz gain, hura ere gorpuztu egiten du.
Maite izan dut Lindonen antzezlana. Edozein nerabek bezala, handi sentitzen du bere gorputza Suzannek, bere azalean nola kabitu oraindik ez du ebatzi. Keinu trakets eta lotsati horiek primeran harrapatzen ditu antzezle gazteak. Pertsonaia samurra eraikitzen du Lindonek, gazteegia ennui delakoan murgilduta bizitzeko baina, gaztea, azken finean. Edozein motatako aholku bila guraso maitekorrengana oraindik jotzen du: bost axola zalantza motorren inguruan izan edo mutilek gonadun edo prakadun neskak nahiago badituzten galdetzea den.
Suzannentzat obsesio bezala hasten den maiteminak, bat-batean, erantzuna topatzen du: bere errealitatez ere aspertuta dabilen Raphaelen baiezkoa. Egia esateko, ez diote elkarri askorik esaten eta maitasun kortes teatralean ematen dituzte egunak, mundu honetakoa ez dirudien parentesian. (Nola demontre izango ote da haien maitasuna mundu honetakoa 19 urtek banandutako galaxia ezberdinekoak badira?)
Raphaelek tabakoa eta Suzannek litxarreriak erosten dituenean, edo haien koreografietako batean, mahairen gainean besoak luzatuta ahurra erakusten diotenean kamerari, Suzannek hamar atzamarrak tente dituelarik eta Raphaelek bederatzi (egin kalkulua, emaitza bien arteko adin-tartea baita)…. Filmak badu, zentzu horretan alde auto-kontzientea. Gutxienez, hala ikusi izan nahi dut nik. Begirada lotsatiak eta hitz falta ez dira maitasun urduriaren isla, baizik eta, hain zuzen ere, zentzugabekeriaren sintoma.
Kamera aurreko Suzannentzat maitasuna dena, ikuslearentzat argiro problematikoa den harremana da; kamera atzeko Suzannek, baita ere, zatarkeria horren zantzuak darabiltza. Azkeneko eszenetan nabaria da aipatzen dudan kutsua. Bat-batean, dirudienez, zerbaitek klik egiten du Suzannen buruan, eta maitalearen adina ezagutu berri balu bezala, amaren bularrean egiten du negar. Call me by your name (2017) filmaren amaieran, Elio gazteak, bere aitaren babesean, gizon helduagatik negar egiten duen bezalaxe.
Leuna eta samurra, bizitzara jauzi egiteko nahia eutsiezinez dihardu 16 printemps. Lindonen debuta lan txukuna eta gozagarria da, gustura beste behin ikusiko nukeena. Plazer hutsa izan da Suzanne Lindon ezagutzea, pertsonalki, aurrerantzean presente izango dudan izena.