Azken egunak dira Donostia Zinemaldian. Nekea nabari da, bai gorputzean zein egunez egun idatzitako testuetan. Ikusitako eta aztertutako filmen izenak zein istorioak nahasita dauzkat buruan, eta egia esan, pixka bat luze egiten ari zait aurtengo edizioa. Hala ere, azpimarratu behar da azken urteetako film aukeraketa indartsuena oparitu digula Zinemaldiak, COVID-19aren eraginez, Cannesen lehiatzekoak ziren hainbat lan hartzearen ondorio izan daiteke, ez dakit, baina pozgarria zinez.

Atzo aurkeztu zuten Sail Ofizialeko azken filma. Lehiatu direnen artean sentikorrena, hunkigarriena, negar malkoz deshidratatzera bidera gaitzakeena. Amatasuna beti izan da Naomi Kawaseren zinemaren gai nagusietako bat, eta begi bistan dago jorratzen ari denaz ondo badakiela, hurbiletik bizi izandakoak baitira bere filmen abiapuntu. Asa ga kuru (True Mother) lanean ere hala izango da, eta gaia hainbat ikuspuntu edo begiradatik aztertuko du: haurdun geratzeko borroka luze eta asegabe baten ondoren, adopzioa izango du bikote protagonistak familia eratzeko aukera bakarra / lehen maitasun istorioa bizi duen neska gazte bat haurdun geratuko da, eta haurra adopzioan ematera behartuta ikusiko du bere burua.

Errealitate sozial ezberdinak ezagutuko ditugu elkartrukatuko diren hiru familien bitartez, denek ere Japonia kontserbadorea testuinguru izango dutelarik. Hala, istorioaren kronologiarekin eta kontaketaren linealtasunarekin hautsiko du Donostia Zinemaldian horren ezaguna dugun zinegileak, eta narrazioak gurutzatzen hasi bezain laster pertsonaiak garatzen joango da, sentimenduetan sakontzen, eta ikus-entzuleon eztarria korapilatzen. Emozionatzea besterik ez zaigu geratuko. 

Bestetik, Zabaltegi-Tabakaleran jaialdiko aspaldiko laguna den Philippe Garrelek bere lan berria erakutsi du, Berlingo Zinema-jaialdian lehiatu den La sel des larmes filma. Frantziar zinema berrien eta modernitatearen oinordekoa da Garrel, eta zuri-beltzean filmatutako haren filmek Paris izan ohi dute protagonista, bidelagun. Film oso pertsonalak egin zalea da, gizakian oinarritutakoak, gizakiari eta honek izaten dituen harremanei zuzendutakoak. Azken hau ere ez da gutxiagorako, izan ere, orain arteko joerak ez du etenik izan, eta maitasun edota jeloskortasunari buruzko aferak izango ditu beste behin aztergai. 

Luc izango da protagonista, Parisera lanbide-eskola batean sartzeko azterketa egitera joango den gazte bat, Djemila izeneko neska bat aurkitu eta berarekin amodio labur bat biziko duena. Istorioa korapilatzen joango da, hiru kideren arteko maitasun harremanak, gazteak eta beraien arazo existentzialak, fideltasuna, sentimenduen aldrebeskeria… jorratuz. Oso identifikagarria den unibertsora barneratuko gaitu Garrelek, maitatzeko aukera eta ezintasunei buruzko galderak planteatuz.

Azkenik, 68. edizio honetako aurkikuntza berezienaz hitz egitea dagokit. 20 urte dituen Suzanne Lindon paristarrak bere lehenengo film luzea errodatu du, eta Zuzendari Berriak sailean egon da ikusgai: 16 Printemps. 15 urte besterik ez zituela hasi zen gidoia idazten, eta iaz hura filmatzera ausartu zen. Ez hori bakarrik, Xavier Dolan zinegile quebectarrak egin bezala, pertsonaia nagusia ere berak interpretatuko du. Ospatu ez duten Cannesko zinema jaialdian hautatu zuten filma, eta bertako zigiluarekin iritsi da Donostiara.

Bere aurreneko lan honetan neska gazte bakarti baten istorioa kontatuko du: “Suzannek 16 urte ditu. Bere adineko jendea aspergarria iruditzen zaio. Egunero, institutura bidean, antzoki baten aurretik pasatzen da. Han, berarekin obsesionatuko den gizon bat ezagutuko du, zaharragoa. Adin-aldea gorabehera, batak bestearengan aurkitzen du gogaitasunari aurre egiteko erantzuna, eta maitemindu egiten dira. Hala ere, Suzanne beldur da 16 urteko neska baten bizitzako gauzak galduko ote dituen, hainbeste kostatzen baitzaio bizitzaz bere lagunek bezain beste gozatzea”. 

Istorio ñoñoa izango dela uste dutenek aurreiritziak alboratu beharko lituzkete gazte paristarraren pelikulaz disfrutatu ahal izateko. Ez da teen movie arrunt bat. Nerabe izatea eta inguruko guztiarekin etengabeko gatazkan bizi behar izatea bat ez datozela erakutsi nahiko digu Lindonek, eta lortuko du. Film maitagarria da, bizitasun handikoa, eta aske izateko aldarria lehen lerrora eramango duena. Xavier Dolanen lehen filmen ukitua izan dezake, batez ere, pantaila aurrean uneoro agertzeko egozentrismotik ulertuta, baina tonua ezberdina da. Quebectarraren histrionismo zein biktimizaziotik ez du batere, aldiz, oso erraz egingo zaigu Lindonekin identifikatzea. Elkarrizketa gutxi daude, eta neskatoaren mugimendu, keinu, begirada eta irribarreek sortuko duten atmosfera oso berezia sortuko dute. Bere barne mundura garamatza, inolako konplexurik gabe.