Euskal Gidoigileen Elkarteak Donostia Zinemaldian parte hartzen duten filmen artean banatzen du Euskal Gidoi Onenaren saria, eta aurtengoan ANE filmaren oinarrian dagoen testua saritu dute. David Perez Sañudok eta Marina Parések idatzi dute.

David Perez Sañudo filmaren zuzendariak jaso du saria. (Argazkia: Donostia Zinemaldia)

Donostia Zinemaldiaren 68. Edizioan aurkeztutako eta euskal ekoizpena duten filmen artean hautatu du Euskal Gidoigileen Elkarteak 2020 edizio honetako irabazlea, “eduki sozial, politiko eta intimoan lan bikaina albaindu izanagatik”. Hainbat film laburren sorreran parte hartu eta gero, zuzendari gasteiztarraren ‘opera prima’ da ANE film luzea, eta zinemagileen lehen edo bigarren film luze erakutsi gabeen lehiaketa hartzen duen New Directors atalean aurkeztu du.

Euskadi, 2009. Lide segurtasun-zaintzailea da; abiadura handiko trenaren obretan egiten du lan, kaleetan protesta sozialak eragiten dituen proiektu batean, hain zuzen. Lan egin eta gaua festan igaro ondoren etxera itzultzen denean, bi lagunentzako gosaria prestatzen du, baina bere alaba nerabea, Ane, ez dago etxean. Hurrengo egunean, Ane oraindik ez da agertu. Lide lasai dago, ziurrenik, aurreko egunean izandako eztabaida gogorraren ondorioz desagertuko zelako. Aneren gauzen artean bilatzen hasita, ordea, konturatuko da ez duela bere alaba benetan ezagutzen.

Egia esan, oso pozik gaude”, adierazi du Perez Sañudok, “gidoia, ordea, Marina Paresekin batera dago idatzita, eta hari ere dagokio aintzatespena jasotzea”. Lehen film luzea izan duenarekin zinema egiten jarraitzeko eskubidea irabazi nahi zutela aitortu du zuzendariak, “Sariak lanean jarraitzen lagunduko digu”.

0