Zuzendaria: Harry Macqueen
Urtea: 2020
Herrialdea: Erresuma batua
Saila: SAIL OFIZIALA
Harry Macqueen (Hinterland) aktore eta zuzendari ingelesaren bigarren film luzea da, eta gizonezko bikote heldu baten istorioa kontatzen du. Obra honen mundu mailako estreinaldia Donostiako Zinemaldian izan da, eta Urrezko Maskorra eta Sebastiane saria irabazteko hautagaietako bat da.
Sam (Colin Firth) eta Tuskerrek (Stanley Tucci) hogei urte daramate elkarrekin eta beti bezain grinatsu daude elkarrekin maiteminduta. Baina azken bi urteetan, Tuskerri fase goiztiarreko dementzia diagnostikatu ziotenetik, bikotearen bizitza aldatu egin da. Udazkena heltzean, errepideko bidaia bat egiteko plana egingo dute, Tuskerrek oraindik bidaiatzeko aukera duen bitartean, euren lagun eta senideekin berriz konektatzeko eta iraganeko lekuak bisitatzeko. Bidaiak aurrera egin ahala, etorkizunari buruz ideia desberdinak dituztela konturatuko dira. Sekretuak jakingo dituzte, plan pribatuak agerian geratuko dira eta inoiz ez bezala probatuko da elkarri dioten maitasuna.
Colin Firth eta Stanley Tucci ospeko aktoreak paper protagonistetan kokatuta, erraza dirudi film arrakastatsu bat sortzea, baina horretarako, gidoi on bat ere behar da. Kasu honetan, bai aktoreak eta bai gidoia dira aipatzeko modukoak, pertsonaien elkarrizketak errealistak eta esanguratsuak direlako, eta Firth eta Tucciren antzezlanei esker funtzionatzen dutelako. Bikotearen arteko dinamika da istorio honen gakoa, eta maiteminduta dauden benetako pertsona batzuk bezala jokatzen dute, estereotipoetan erori gabe.
Filmean aurkezten den arazo nagusia Tuskerren dementzia da, eta ikusleak nahiko hasieratik du horren berri. Honi esker, bere izaera nola aldatzen den nabaritu daiteke, egoera desberdinetan nola jokatzen duen, eta Sami nola hitz egiten dion. Tusker gizon sarkastikoa eta karismatikoa da, eta bere arazoei barre egiteko ahalmena du, nahiz eta egoerak okerrera egingo duela jabetzen den. Gainera, Tucciren antzezpen ederrari esker, bere barneko arazoak ulertu daitezke, askotan bere begirada hutsarekin.
Sam, berriz, gizon serioagoa eta zorrotzagoa da, baina pelikulan zehar bere bikotearekiko duen maitasuna erakusten du. Ia denbora guztian bere bikote den Tuskerren atzetik dabil, ondo dagoela eta bere buruari ez diola minik egingo ziurtatzeko. Sentitzen duen etengabeko kezka hori bikain islatzen du Firthek, batzuetan hitzen eta besteetan erreakzioen bidez.
Hala eta guztiz ere, hutsuenak nabaritzen dira kontakizun honetan zehar, gai interesgarri bat aurkezten delako baina edukia falta duelako. Hau da, esaterako, ez da hainbeste sakontzen Tuskerrek duen dementzia horretan, bikotearen arteko elkarrizketetan gehiago oinarrituz. Beraz, pelikula honek ez du ezer berri edo originalik eskaintzen, nahiz eta landutakoa ondo egon.
Harry Maqueenen Supernova, antzezpen bikainek gidatutako ikusle orokorra hunkituko duen drama gizatiarra da. Baina, filmaren amaieran nolabaiteko hutsunearekin geratu daiteke ikuslea, oraindik kontakizunaren zati bat falta dela pentsatuz. Agian, hori da Supernovak falta duena: bukaera garbiago eta itxiago bat.