Alardea telesailaren aurrestreinaldia egin du EiTBk, Donostia Zinemaldiaren baitan Victoria Eugenia antzokian ospatu duen EiTB Galan. Urriaren 7an estreinatuko da telesaila ETB1en eta eitb.eus-en, eta asteazken gauetan izango da ikusgai.

Lau atalez osatutako fikziozko minisaila izango da da, K2000 etxeak ekoitzita eta alardearen inguruan urteetan eraiki den gatazkan gatazkan libreki oinarrituta. Zehazki, Amaiaren (Itziar Ituño) istorioa kontatuko du. Protagoistaren bizitza zeharo irauliko da Uriolako emakumeen elkarteak herriko alarde tradizionalean berdintasunez desfilatzeko nahia azalduko duenean. Erabaki horrekin bat egitean, bere ingurukoak eta familia aurrean izango ditu haur hezkuntzako irakasle honek.

Ezinbestean, bere amarekin, Edurnerekin, elkartuko da berriro. Alaba duela 25 urte urrundu zen amarengandik, gurasoak dibortziatu eta, denbora batera, aita hil zenean. Amaiak ez du inoiz barkatu bere amak alarde mistoaren aldeko inplikazioa familiaren interesen aurretik jarri izana, eta ez dago prest kontu bera errepikatzeko, hain zuzen ere, Aitor (Iñigo Aranburu) bere senarra burgumaisu eta alaba Jone (Carmen Climent) kantinera izendatzen dituzten urtean. Baina Edurne (Klara Badiola) gaixorik dago orain…

Zuzendaritza lanetan David P. Sañudo aritu da, egunotan Ane lehen film luzea aurkeztu duen gasteiztarra. Blanca Baena izan da produktore eragilea eta gidoilarien taldea, berriz, Arantxa de la Cuesta, Pablo Tobias eta Virginia Yagüek osatu dute. Halaber, Carmen Climent, Klara Badiola, Sara Cozar, Belen Cruz, Amancay Gaztañaga, Amaia Irazabal, Aitzpea Goenaga, Jone Laspiur, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga, German Alkarazu eta Iñigo Gastesi aktoreak izango dira Ituñorekin batera talde artistikoa osatzeko hautatutako aktore plantela.

Lehen mailako aktore-taldeak ez zaitzatela, ordea, istorio indartsu honen hondarretatik aldendu. Bi aste barru estreinatuko den telesailaren lehen bi atalak aurrez ikusteko aukera eskaini zaigu egunotan Donostia Zinemaldiaren baitan, eta –‘baina’ gutxi batzuk alde batera utzita, egon badaudela, noski- azken urteetako proposamen indartsuena deskubritzeko ataritan gaudela baieztatu dezakegu kontakizunaren lehen minutuetatik.

Ibilbide luzea eta ondorio sakonak utzi dituen gatazka da alardearena, baina ausardiaz egin diote aurre iritzien arteko eztabaida horri, eta, aurrez aipatu bezala, kalitatezko aktore taldeaz gainera, teknikoki ere dirdira egiten duen lanaz gozatzeko aukera izango dugu. Euskaraz, azkenean.

Zinemaldiko aurrerapen txiki honen ondoren, urriaren 7an, asteazkena,  egingo dute telesailaren estreinaldia ETB1en eta eitb.eus-en. Lau atal izango ditu orotara, eta  asteazken gauetan emitituko dira,  22:30ean.