Zuzendaria: Kiyoshi Kurosawa
Urtea: 2020
Herrialdea: Japonia
Saila: PERLAK – Inaugurazioa (lehiaketa barruan)
Thriller ukitua duen Kiyoshi Kurosawa zuzendariaren espioitza-istorio hau 1940ko Japonian dago kokatuta, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin bezperan. 2020ko Veneziako zinemaldian saritu zuten filma, zuzendaririk onenaren saria eman zioten-eta.
Yusaku Fukuhara (Issey Takahashi) merkatariak, gerraren beldur, Satoko (Yu Aoi) emaztea etxean utzi eta bere ilobarekin batera, Mantxuriara bidaiatzeko erabakia hartuko du. Han dagoela, ekintza basati baten lekuko izango da Yusaku, sekretu nazional ikaragarri bat, eta justiziaren izenean, lau haizetara zabaltzea erabakiko du, berehala etsai publiko bihurtuz. Senarrari gertatutakoaren berri izatean, egoera gaizki ulertu eta jeloskor jarriko da emaztea hasiera batean, baina Yusakuren benetako asmoak ezagutu ondoren, bere alde jarri eta edozer egiteko prest agertuko da Satoko. 40ko hamarkadako Hitchcock zuzendariaren lanen antzera, leialtasuna, konfiantza eta traizioa ditu hizpide filmak.
Filmeko istorioa, nahiz eta ez hala izan, benetan gertatu balitz bezala dago aurkeztuta, Japoniako historiako uneekin zuzenean lotuta baitago. Hau da, garbi dago benetako gertakizunetan oinarritua dagoela, baina pertsonaiak pelikularako sortuak daude. Hala ere, historiako une jakin batzuek garrantzia dute kontakizunari egitura zuzen eta zentzuzko bat emateko, eta artxiboko irudiak diruditenak ere agertzen dira.
Hori kontuan izanda, filmak islatu nahi duen errealitate gordina ez da beharko lukeena bezain eraginkorra, nahiko azaletik landuta baitago. Hau da, Bigarren Mundu Gerra garaiko torturak eta gizakiekin egindako esperimentuak aipatzen dira, baina gutxi erakusten dira. Honen ondorioz, eskuratu nahi duen errealismo hori bidean galtzen da, nahiz eta, aldi berean, ulergarria den irudi bortitzak saihesteko erabakia hartzea. Izan ere, esperimentu haietako asko krudelegiak dira film baterako birsortzeko, eta ez da funtsezkoa haiek zehatz-mehatz adieraztea.
Aktoreen lanari dagokionez, protagonisten paperak sinesgarriak dira, eta haien arteko dinamika interesgarria da. Bigarren mailako pertsonaien kasuan, ordea, haietako batzuek, batez ere japoniarrak ez direnak, ez dute aktore profesionalak ematen. Baina, pertsonaia horiek oso egoera zehatzetan bakarrik agertzen dira eta oharkabean pasatzen dira.
Pelikularen itxurari buruz hitz egiterakoan, esan beharra dago eszena batzuek ikuslea istoriotik atera dezaketela, izan ere, asko nabaritzen da platoetan erabiltzen duten argi artifiziala. Gainera, plano gehienak hain estatikoak direnez, telesail bat dirudi zinemarako sortutako ikus-entzunezkoa baino.
Lan honetako elementu esanguratsuena Satoko bera da, interesgarria delako Bigarren Mundu Gerrako Japonian kokatutako kontakizun bateko protagonista emakume adoretsu bat izatea. Hau da, garbi dago kezka handiak dituela eta ez dituela bere senarrak bezalako aukerak, baina kemen handia du bere erabaki propioak hartzeko.
Oro har, Wife of a Spy kontzeptu interesgarriak dituen leialtasun eta amodio istorioa da, aktore nagusien antzezpenei esker funtzionatzen duena. Aldi berean, errealismo falta sumatzen da eta elementuetako batzuek ikuslea filmaren narratibatik aldendu dezakete.