Zuzendaria: Takuma Sato

Urtea: 2020

Herrialdea: Japonia

Saila: SAIL OFIZIALA

 -Tasuko buruarinaren barkamen abenturak-

Irudikatu izaki bat. Lastozko jantzia eta deabru maskara beldurgarria soinean. Orain irudikatu izakia zure etxean sartzen eta “mainontzirik al dago hemendik?” oihukatzen, etxeko umeak indarrez eramaten saiatzen den bitartean. Horixe da, hain zuzen ere Japoniako Oga penintsulan ospatzen den Namahage tradizioaren muina. Gurasoei semeak deabruetatik babesteko prest daudela erakusteko aukera ematen die; bai eta, barre galantak botatzeko ere.

Ohitura gutxitu honen deabruetako bat dugu Tasuku gaztea, bere alaba jaio den egunean bertan ezagutzen duguna. Alkohola eta biluztasuna protagonistak dituen zoritxarreko pasarte baten ondorioz, gaztearen eta Namahage ohituraren izena minduta ateratzen dira. Ondorioz, Tasuku herritik desagertu eta Tokiora doa ihesi, emazte eta alaba jaioberria Ogan utziz.

Edozein beste gaztek biziko lukeen egunerokotasuna eraikitzen du bi urtez Tasukuk, baina, herritik bere lagunetako bat bisitan datorrenean, emazte ohia club batean lanean dabilela jakiten du. Berria jasanezina egiten zaio eta herrira itzultzea erabakitzen du, berak eragindako ezbeharren atzaparretatik emakumea salbatzeko. Kaltea, baina, sakona izan zen eta ez berak, ez inork, ez ditu hain erraz onartuko Tasukuren barkamenak.

Kontakizunak baditu zenbait helduleku interesgarri, baina galdu egiten da plano estetikoaren handitasunean. Zenbait eszenei narrazioaren hari orokorraren gainean itsatsitako postalen antza hartzen diet nik: bisualki atsegingarriak baina istorioari dagokionez justifikazio handirik gabekoak. Noski, azpimarragarria da hein horretan egindako lana, kostako paisaiak zein Tokioko lokalizazioak benetan harrigarriak dira. Edertasuna bilatu eta aurkezteko nahia hain da tematia non, nire kasuan, istoriotik ateratzea eragiten duen.

Badago, niretzat, ikusezintzat jo ezin daitekeen beste kontu bat. Filmeko emakume guzti-guztiak zera dira: ama sakrifikatuak edo modu iradokitzailean jokatzen duten neska erakargarriak. Bi klixe horien artean dabil Tasuku, bere sinplekerietatik babesteko bi-bien atentzioa behar baitu.

Takuma Satoren bigarren zinta hau (produktoretzat Koreeda duena) loria handirik gabe pasako bada ere, lehenengo eta azken eszena apartak opari egiten dizkio ikusleari. Aitatasunaren aferak eta betebeharrak (edo justu kontrakoak) lantzeko garaian, ordea, eskasa deritzot bere hurbilpenari. Istorio txiki samurra dugu hau, handiegia geratzen zaion bilgarri estetikoan gordeta.