Izaskun Arandiak IZAR Films ekoiztetxea sortu zuen 2011an eta, haren bidez,  Agur Esatea (2013), Muga Deitzen da Pausoa (2018) eta Bihar Dok Amairu (2018) bezalako lanen ekoizpenean parte hartu du azken urteetan. 2020 urtea ere garrantzi handikoa izaten ari da, euskal zinemagintzan nabarmendu diren hiru izenburu garrantzitsuren ekoizle izan delako: Mi pequeño gran samurai; Bi urte, lau hilabete eta egun bat: eta Non dago Mikel?.

Lehenengoari dagokionez, istorioaren indarra eta unibertsaltasunari so, munduan zeharreko hamaika jaialditan aurkeztu dute: Kazakhstanen saritu zuten, Peruko Outfest jaialdian lehiatu zen, Indian ere bai… eta AEBak izango dira hurrengo geltokia. Tradizionalki eta kulturalki oso lurralde ezberdinak.

Bi urte, lau hilabete eta egun bat proiektuari dagokionez, hasita zegoenean heldu zen Arandia lan-taldera. Baina, nolabait, bera heltzearekin batera hartu zuen indarra eta martxa lanak… Filmean ikusten ditugun emakumeak bezala, emakumezkoa izan da proiektuarekin aurrera egin duen itzaleko borrokalaria. Euskal Herriko hiriburu nagusietan arrakasta handiz lagunduta estreinatu ostean, herri txikietako aurkezpenak egiten ari dira orain.

Amaitzeko, Donostia Zinemaldia bezalako erakusleiho potente batean estreinatu du egunotan Non dago Mikel? proiektua. Ikusmira handi batek jaso du Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenaren iniziatibatik, Ahotsa.info-ren babesarekin jaiotako proiektua, eta saio guztietarako sarrerak agortu dituzte ordu gutxi batzuetan.

Genero dokumentala oinarri, baina salto bat dago aurretik ekoiztu dituen proiektuen eta 2020an aurkeztutakoek landu dituzten gaiei dagokionean. Gai-sozialak dira nagusi azken hiruetan, kasualitatea ala kausalitatea? Bide hori hartu du Izar Films ekoiztetxeak? Halaber, hiru lanek mezenasgoa dute oinarri. Hau da, publikoak finantzatutako proiektuak dira, diru publikoaren babesik gabekoak. Herriak ematen ditu erakundeek eman beharreko pausua?

Galdera hauek, proiektuen inguruak eta askoz gehiago izan dugu hizpide: