Zuzendaria: Aitziber Olaskoaga

Urtea: 2020

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Zinemira

Identitate nazionalaren eraikuntza prozesuaren arrakalak aztertzea da oinarrian Aitziber Olaskoaga bizkaitarraren lanaren helburua. “Bi nortasun nazional kontrajarrien arteko arrailak” bilatzea. Herrera de la Manchako espetxea helburu duen bidaia bat proposatzen digu, bestelako jarrabiderik gabe.

Ezezkoekin eta isiltasunarekin egin du topo zuzendariak, behin eta berriro. Dena da mutu, dena da aurri, dena da zenbaki, dena da debeku. Eta jarraitu duen bidea baldintzatu du horrek: filmatzera iritsi ez den dokumental baten oinarrietatik, amaieran hura ordezkatu duen proposamen esperimental honetaraino. Erantzunik gabeko bidaia bat, finean, zuzendariak proposatutako galderari: nola irudikatu dezakegu historia irudiak ukatu egiten zaizkigunean?

Lehortutako eremu soil eta hutsala, utzitako etxeak eta bakartutako zuhaitzek osatuko dute ikustezina izango dena muga. Ez bisitarik, ez irudirik, memoria ere erraztu nahi ez duen espetxeari. Kamerari erantsitako filtro gorri baten erabilerak utzikeria indartu, eta kamera mugimenduak ezinhobe azalduko du bakarmortua.

Eta bakarmortua izango da erantzuna.