Zuzendaria: Luca Guadagnino
Urtea: 2020
Herrialdeak: Italia, AEB
Saila: SAIL OFIZIALA – Emanaldi berezia
Luca Guadagnino (Suspiria, Call Me by Your Name) zuzendari italiarraren azken lan honetan, nerabe talde baten eta haien gurasoen bizitza kontatzen da. Donostia Zinemaldian ikusi ahal izan dira We are who we are telesailaren zortzi atalak (7 ordu eta 50 minutuko iraupena dute guztira), hori bai, berezko zinema-formatuan.
Italiako Veneto hirian dagoen estatubatuar base militarrean dago kokatuta eta bertan bizi diren bi neraberen eskutik kontatzen da adiskidetasuna, maitasuna eta genero-identitatea bezalako gaiak jorratuko dituen istorioa. Hamalau urteko Fraser (Jack Dylan Grazer) eta Caitlin (Jordan Kristine Seamón) dira protagonista nagusiak, basean ezagutu eta pixkanaka lagun bihurtuko diren gazteak. Nerabeek dituzten kezkak partekatu eta lehen maitasun-harremanetan izango dituzten arazoei aurre egiten lagunduko diote elkarri. Ingurukoen presioa saiheste aldera, gainera, bikote direla esango dute, nahiz eta Caitlinek ez duen bere izaera femeninoa gustuko eta Fraserrek, berriz, mutil helduago bat atsegin duen.
Telesail honetan hainbat gai jorratzen dira, baina pertsonaien identitatea ulertzen eta onartzen igarotzen du denbora gehiena. Hau da, pertsonaia guztiek dute zailtasuna zein diren eta beraien bizitzarekin zer egin nahi duten ikasteko zailtasuna. Fraser eta Caitlin protagonistak, esaterako, asko ikusten dira elkar, baina beraien artean lagunak besterik ez direla ziur daude, nahiz eta beste guztiek bikote direla uste duten. Aldi berean, zailtasunak dituzte benetan zer nahi duten eta nor diren ulertzeko, eta elkarri laguntzea erabakitzen dute.
Pertsonaien antzezpenei dagokienez, aktore talde bikaina dago, baina Jack Dylan Grazer eta Jordan Kristine Seamón gazteen lanak dira esanguratsuenak. Protagonista nagusiak izatearekin batera, egoera gehienetan daude sartuta, eta horri esker, zer motatako pertsonak diren ikusteko aukera zabala dago. Gainera, bien arteko elkarrizketak eta erlazio orokorra naturalki adierazita daude, beraien harremana telesaileko elementu hunkigarrienetako batean bilakatuz.
Hala ere, beste aktoreek ere pertsonaia konplexuen rolak dituzte, eta guztiak dira sinesgarriak. Honekin batera, Chloë Sevigny eta Spence Moore II antzezleen aipamen berezia egin beharra dago. Bai batak eta bai besteak, izaera bortitzeko pertsonaiak dituzte, bajita familiarekin harremanak mantentzeko arazoak ere.
Horrez gain, ikuspuntu bisualago batetik, film luze baten itxura dauka, telesailen estetika arruntago horretatik urrunduz. Hau da, nahiko zinematografikoa da eta teknikoki oso ondo zaindua dago, sorkuntzarako lekua irekiz.
Esan bezala, norberaren identitatearekin loturiko gaiak dira nagusi, eta hauek modu delikatuan agertzen dira. Aldi berean, ordea, hutsune batzuk nabaritu daitezke, gauza gehiago esateko gogoekin geratuko balitz bezala.
Horrez gain, pertsonaien istorioetako asko nahiko irekiak geratzen dira, agian, bigarren denboraldi batera begira. Gainera, une jakin batzuetan plano oso luzeak daude, kontakizunean edo pertsonaietan eragin handirik ez dutenak.
We Are Who We Are ez da guztien gusturako izango, ez baita konbentzionala edo ikusteko erraza, baina pazientzia eduki ezkero, istorio hunkigarri eta desberdin bat aurkitu daiteke.