Zuzendaria: Natxo Leuza

Urtea: 2020

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: ZINEMIRA

“Ibai bat izango balitz bezala”, Enrique Villareal ‘El Drogas’ musikari eta abeslariaren dimentsio eta isurialde guztiak aztertu dituen dokumental biografikoa eraiki du Natxo Leuzak. Musikariaren, izarraren, pertsonaiaren erretratu bat, baina baita ere jatorri duen Txantreatik inoiz aldendu ez den norbanako bakartiarena ere.

Argiak, ilunak eta ertzak. Gazi-gozoak. Eszenatoki gainean tentetu egiten den gizaseme desitxuratu baten aurkezpena, bizitza orekatua ikusi ahal izateko oker ibili den artistarena. Villarreal beraren adierazpenek, artxiboko materialek, musika-emanaldiek edota protagonistaren gertukoen bizipenek ehundu dute kontakizuna, oroitzapen indibidualak memoria kolektiboarekin topo egin arte.

Izan ere filmak badu nostalgia alaietik, basatitik eraikitako narrazio baten itxuratik, baina, guztiaren gainetik, asko edaten du errelato partekatu baten kronikatik. Auzune gatazkatsuari eskaintzen zizkion Villarrealek bere kantak, baina bere aberria sentitzen zuen horri kantatzen zizkionak berdin abesten zituzten Erriberan, Bilbon edo Madrilen. Halako zerbait gertatu da orain pantaila handia belztu, eta kredituen osteko isiluneaz gozatu dugun publikoarekin. Jarraitzaile, kurioso edo ikus-entzule satelite, denok sentitu gara garai, leku eta sentimendu jakin batzuen lekuko. Eta hori ederra da.

Finean, miretsi edo ez, artista baten arnasguneak zein diren ezagutzea esperientzia paregabea da. Horixe eskaini digute Enriquek, Mamenek eta Leuzak erakutsi duen unibertsoari zentzua eman dioten gainerako pieza guztiek.