Zuzendaria: Lara Izagirre

Urtea: 2020

Herrialdeak: Espainia-Frantzia

Saila: ZINEMIRA

Lara Izagirre zuzendari zornotzarraren bigarren film honetako protagonista nagusia, bere lehen lanean bezalaxe, emakume bat da, Nora (Ane Pikaza) izeneko hogeita hamar urteko gaztea. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez errodatu den road-trip itxurako kontakizun honek emakumeen istorioak eta gatazkak jorratzen ditu. Pelikula hau Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Fororako hautatu zuten 2018an.

Noraren bizitzan bere aitona Nikolasek (Héctor Alterio) eta bere lagun Meri eta honen seme-alabek hartzen dute toki nagusia, herriko aldizkarian egiten duen lanarekin batera. Izan ere, aitonarekin bizi da eta adiskidearen haurrak zaintzeko ardura du gazteak. Aitonaren heriotza, nahiz eta garratza izan, aukera bihurtuko da Norarentzat, bere bizimodua aldatzeko atea irekiko dio-eta. Herentzian jaso duen Dyane 6 auto zaharra hartu eta Euskal Herriko kostaldea zeharkatzeko bidaia abiatuko du Norak, aitonaren errautsak amonaren ondora emateko asmoak bultzatuta, abentura batean abiatuko da, zoriontsu izateko ibilbidea izango dela jakin gabe.

Film honetan, bizitzan helburu garbirik ez duen pertsona baten istorioa kontatzen da, eta kontakizunean zehar, eredu desberdinak aurkezten dira gatazka hori adierazteko. Norak, hasiera batean, badirudi ideiak nahiko garbi dituela, badakiela zein den bere xedea bizitzan. Pixkana, baina, gero eta zalantza gehiago azaleratuko ditu, batzuk erraz antzemateko modukoak eta beste batzuk, berriz, metaforikoagoak. Pertsonaiaren egoera hobeto ulertzeko, ikusleak ere ez daki ondo Norak non amaituko duen edo bere bizitzako “helburu” hori beteko duen. Izan ere, pertsonaiaren jomuga jakin gabe, kosta egiten da filmaren benetako mezua edo ideia nagusia ulertzea, amaiera jakin baten falta sumatzen delako.

Halere, aipatutako duda-muda horiek oso azkar argitzen dira istorioaren amaieran. Hori da pelikularen arazoetako bat, izan ere, hainbeste denbora erantzun baten bila ibili ondoren, dena oso erraz konpontzen dela dirudi. Filmaren erritmoa motel samarra da, ez baitira gorabehera  garrantzitsu asko gertatzen, beraz, bukaera pixka bat lekuz kanpo geratzen da. Gainera, errealismo kutsu bat ematen saiatzen den arren, egoeretako batzuk ez dira hain sinesgarriak, kointzidentzia gehiegi sortzen direlako.

Hala eta guztiz ere, istorioak hari logiko bati jarraitzen dio eta amaiera atsegina eta itxaropentsua dauka. Pertsonaia gehienak karismatikoak eta dibertigarriak dira, eta entretenigarria da Nora ezagun eta ezezagunekin elkarreraginean ikustea. Topatuko dituen pertsona horietako batzuekin izango duen harremana oso naturala da, nahiz eta pertsonaiaren batek ez duen, berez, eragin handirik Noraren bizitzan.

Amaitu baino lehen, zinematografia aipatu nahiko nuke. Izan ere, lauki formako formatu-ratioa izateaz gain, irudi eder eta lasaigarri askok osatzen baitute pelikula. Teknika aldetik ez dago ezer berezirik, baina horrek ez du inolako arazorik sortzen, erabilitako metodoa dagoeneko egokia baita: sinplea, baina begietara atsegina.

Labur esanda, gai existentzialak jorratzen dituen film hau gustagarria eta ikuserraza da. Gainera, aktoreen antzezpen naturalei esker, samurra da pertsonaiak ulertzea eta gustukoak izatea, nahiz eta batzuek besteek baino gehiago eskaintzen duten. Alde bisuala ere nabarmentzekoa da, Norak igarotzen dituen paraje ikusgarriekin jokatzen asmatu dutelako. Halere, errealismo eta norabide garbiago bat falta ditu, batzuetan kosta egiten delako pelikularen helburua edo mezua zein den antzematea.