Bigarren eguna Donostia Zinemaldian, eta oraindik fresko. Hala ere, ezohiko edizioa duen honek dagoeneko ezarri du bere legea. Larunbat tristea bizi izan dugu hirian, aurreko urteetako jende-multzorik gabekoa, euritsua. Oraindik ere bero egiten du gauetan, eta goiz bada ere, egunean 4-5 film ikusteko asmoa dugunok sumatzen hasi dugu lo-falta. Arlo zinematografikoari dagokionez, baina, ezin oparoagoa izaten ari dira aurreneko filmak. Cannesko zigilupean Donostian lehian ari diren hiru film aurkeztu dituzte Sail Ofizialean —Éte 85 (François Ozon) eta Passion Simple (Danielle Arbid)— zein Zuzendari Berriak atalean —Limbo (Ben Sharrock). Aldiz, 2020ko Kimuak programan hautatu duten euskal ekoizpen bat ere egon da ikusgai Zabaltegi – Tabakaleran: Ya no duermo (Marina Palacios).
Beste behin, Urrezko Maskorraren bila etorri da horren estimatua den François Ozon zinegile frantziarra bere azken lanarekin. Eta a ze nolakoa gainera… Été 85 ikusi duenak ez du erraz ahaztuko Alexis eta David protagonisten istorioa, Alexis beraren hitzetan ezagutuko duguna. Izenburuak berak esan bezala, 1985eko udara gerturatuko digu Ozonek, eta garai haiek bizi izan zituenak nostalgiaz gogoratuko ditu orduko arropak, musika, estetika. Gazteagoak garenontzat ordea, denon ahotan dagoen birus zikin honek lapurtu digun uda ordezkatzeko balio diezaguke. Eta diezaguke diot, ez baita ziurra zinegileak aurkeztuko digun giroan barneratzen ausartuko ginatekeen edo ez. Frantziar kostaldeko herrixka batean testuingurutako da kontakizuna, eta lehen begirada batean, orain dela urte gutxi 68.edizio honetan Sail Ofizialeko epaimahaiburua den Luca Guadagnino italiarrak zuzendutako Call Me By Your Name (2017) etorriko zaigu burura. Uda garaiko maitasun istorio erromantiko eta ñoñoen tankera dute lehen minutuek, teen movie amerikar horietako bat dirudi, non sexualitatea, gazte asaldatuen gorabehera sentimentalak, lehenengo amodioak… puri-purian azalduko dizkigun. Ozonek baina, beti du zerbait ezkutuan, eta zerbaitengatik da ikus-entzuleengandik maitatua. Aipatutako aferak muturrera eramango ditu, Xavier Dolanen hasierako pelikula histrioniko eta korapilatsuetatik —J’ai tué ma mère (2009) eta Les Amours imaginaires (2010) lanetatik batez ere— ez oso urruti, baina berezkoa duen erregistro aldaketa bortitza beti presente dagoelarik.
Transgresioa nagusi, zinegile frantziarrak bere lanik onenetan erakutsitako maila berreskuratuko du Été 85 film engainagarrian. Erotismoa da nagusi, sedukzioa, probokazioa. Eta ez bi gazteen artekoa soilik. Zein da intimitatearen muga? Eta aske izan nahi duenarena? Zer egin maiteminduta ditugun pertsonekin? Existitzen al da benetako maitasuna? ideia hauei bueltaka, filma korapilatzen joango da Ozon, gu ere jokoan sartuz, parte eginez. Batzuetan guztiz maitekorra irudituko zaigu ikusten ari garena, baina sabelean tximeletak sentitzen dituen horren ezinegona, urduritasuna, azpimarratzeko gazteen aurpegiak nola isolatzen dizkigun bezain gorrotagarria egingo zaigu pertsonaiak zigortzeko duen obsesio konpultsiboa. Krudeltasunak mugarik ez duela dirudi.
Maitasuna, pasioa eta obsesioa dira baita ere Danielle Arbid zinegile beirutarraren filmaren gakoak. Kasu honetan baina, guztiz bestelako sentimenduak eragingo dizkigu Passion Simple lanak. Gizon misteriotsu bat ezagutu eta harekin etengabe sexu-harremanak dituen ama bat izango da protagonista, semeari apenas kasurik ere egingo ez diona. Gorputzen esentzia eta hartu-emanen izango dira filma gidatuko dutenak, zinegileak horiek erretratatu nahiko ditu, ez naturaltasunez, bai ordea, probokatzeko asmoz. Bere izenik ezagutuko ez dugun protagonistak bere burua nahastuta aurkituko du, eta ez da gai izango bizi duen menpekotasun egoera onartzeko. Are gehiago, hiriko zinema aretoan Hiroshima mon amour (Alain Resnais, 1959) ikusi eta identifikatuta sentitzearekin batera arazoa ukatzea erabakiko du.
Zuzendari Berriak sailean, aldiz, Limbo filma aurkeztu dute Ben Sharrock zinemagile eskoziarrak eta Irune Gurtubai ekoizle euskaldunak. ZINEAn egin genion elkarrizketan azaldu zigun bezala, hedabideetatik zein zinemaren mundutik jasotzen dugun errefuxiatuen irudikapenak hutsune handi bat duelaren iritzitikk abiatuta eraiki dute kontakizuna. Familiarengandik bananduta, Eskoziako uharte batean asilo-eskaeraren zain dagoen Omar musikari gazte siriarra izango da protagonista. Pikadero (2015) bere lehenengo film luzearen planteamendu estetikoak berreskuratuko ditu, aktoreen interpretazio zurrunari so eginez, umore puntuak drama sakonarekin uztartuz. Absurdoa ere ez du oso urruti, izan ere, salatzen duen egoera eta errealitate sozialaren larritasuna bistaratzeko apustu argigarria da. Gizarte moderno eta mendebaldarraren arrazismoa, bazterkeria eta utzikeria jorratuko ditu Sharrockek modu satirikoan, eta ikus-entzuleek barre egiteko aukera izango badute ere, konponbide argirik ez duen errefuxiatuen auzia lehen lerrora ekarriko du.
Bestetik, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle izandako Marina Palacios donostiarraren lehendabiziko lana egon da ikusgai Zabaltegi – Tabakalera sailean. Gariza Films ekoiztetxearen babespean ekoiztutakoa eta 2020ko Kimuak programan hautatua izan dena: Ya no duermo (irakurri ZINEAn zinegileari egindako elkarrizketa, hemen). Amaierarik ez duen zerumugari begira ageri dira bi gizontxo, eguzkiak eta bero itogarriak kolpatutako larre horixkak zein zeru urdin zabalak bat egiten duten puntua bilatu nahian. Kamerak momentu intimo hori errespetatuko du, beraiena ez beste inorena baita, horregatik, beraiengandik urrun mantenduko da, paisaiaren eta bertan arrotz diruditen subjektuen arteko sinergia indartuz. Irudi piktorikoak dira Palaciok aurkeztuko dizkigun aurrenekoak, margolari erromantikoen pintzelkadetatik ateratakoak diruditenak, eta kutsu nostalgikoa dute. Ez da harritzekoa, txiki-txikitatik ezagutu eta esploratu dituen txokoetara itzulera baita donostiarrak proposatuko diguna. Bertan aurkituko ditu lehengusu txikia eta aita, Miguel eta Kechus, banpiroei buruz hizketan.
Nortzuk dira izaki mitologiko horiek? Nondik datoz? Galdera horiei erantzuna eman nahian pelikula bat filmatzeko ideia otuko zaie, eta inprobisazioa lagun, jolas horrek sortzen dituen erreakzioen lekuko izan nahi du zinegileak. Larreek zeruari eskua luzatzen dioten gisan, errealitatea eta fikzioa nahastuko dituen ispilu-joko tranpatian barneratuko gaitu. Zertaz ari zaigu Palacio hizketan? Banpiroek bizirik mantentzeko beharrezkoa duten arima eta esentziaz: errealitatearen faltsukeriak, aurrez aurre begiratzen ari garen mundu zabal eta infinituak, artistengan eragiteko duen estimulazio beharraz. Sorkuntza eta hausnarketa prozesuaz, kuriositatearen ondareaz, jakinguraren kondenazioaz.