Zuzendaria: Pablo Agüero
Urtea: 2020
Herrialdea: Espainia
Saila: SAIL OFIZIALA
Pablo Agüero argentinarrak zuzendu eta Koldo Zuazuak eta Iker Ganuzak ekoiztu dute Akelarre. Pierre de Lancre epaileak 1609an Euskal Herria bisitatu ondoren idatzi zituen memorietan oinarrituta dago filma, ehunka pertsona galdekatuz eta ustezko sorginkeriagatik hamaika emakume kondenatu zituzten garaian. Ana Ibarguren (Amaia Aberasturi) da filmeko protagonista nagusia, eta inkisizio-garaiko emakumeen begiradaren bidez kontatutako istorioa eraikiz, sorgin-ehizaren inguruko beste ikuspegi bat eskaintzen du. Bestalde, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorraren saria irabazteko hautagaietako bat da.
Euskal Herria, 1609. Eskualdeko gizonak itsasora joan dira. Ana basoko festa batean ari da parte hartzen, herrixkako beste neska batzuekin batera. Rostegui epaileak (Àlex Brendemühl), erregeak hala aginduta, eskualdea purifikatu behar duela-eta, basoko neskak atxilotu eta sorginkeria leporatuko die. Eginahal guztiak egingo ditu epaileak neskek akelarreari buruz dakitena aitor diezaioten. Usteen arabera, zeremonia magiko horretan, deabruak bere zerbitzariak prestatzeaz gain, estali egiten ditu.
Fantasia istorioaren atal garrantzitsua izan arren, kontakizun honek XV.-XVIII. mendeen bitarteko sorgin-ehizaren ikuspegi errealistago bat aurkezten du. Ideia bera oso interesgarria eta indartsua da, garai hartako emakumeen bizimodua adierazteko balio duena. Pelikulak, alde honetatik, bere helburua betetzea lortzen du, inolako ikuskizun apartekorik edo bortxakeria espliziturik erakutsi gabe. Hau da, nahiz eta kontakizun latza izan, ez dira hainbeste oinarritu emakumeak nola torturatzen zituzten erakusten. Izan ere, neska-talde protagonistak, egoerari aurre eginez, adorea eta jarrera positiboa erakusten du.