Iraila heldu ahala hasi ginen Kursaal inguruetako auzokideok Zinemaldia usaintzen. Kongresu jauregia denaren apainketa lanez harago, badira jaialdiaren berehalako iritsieraz ohartarazten gaituzten zenbait arrasto: erakusleihoen apaingarri tematikoak, auzoaren garbiketa maiztasun ezohikoa, tabernen terrazen okupazioaren zabaltze susmagarria, prezioen igoera…

Baina hori beste kontu bat da! Izan ere, zinelistoarena kontatzera heldu naiz ni honaino. Iragarrita dago programazioa, eta zinemaz gozatzeko aukera galdu nahi ez duen ororen eskura ipini dute zinemaldiko arduradunek jaialdiaren webgunean. Halaber, lau haizetara zabaldu dute, COVID-19 gaitzaren zabalkundearen aurrean hartu beharreko neurrien eraginez, aurten ez dutela jende pilaketak sortu ditzakeen ekitaldirik sustatuko. Agur alfonbra gorriaren zirrarari, edota nazioarteko izarrak beren iritsieran agurtzeari. Agur ere festa esklusiboetarako sarrerak lortzea helburu duten gose jokoei.

Egia esaten hasita, postureo erreala landu beharko dugu aurten, zinemaldia zinema-aretoak betetzen ospatzean datzan portaera ezezagun hori. Aurten bai. Donostiarrok, probestu dezagun geldituko zaigun jaialdi «etxekoi» eta «apala», zinema-aretoen xarmarekin adiskidetzeko. Heldu ikusle gisa dugun erantzukizunari, eta izan dadila ikasturte berriaren hasiera neguko hezean eta udako sargorian ere mantenduko dugun errutina goxo horren abiapuntua. Afizioa sustatu, ofizioa indartzeko.

Baina zer ikusi? Nondik hasi? Hona hemen, denok begiratuko dugun Sail Ofizialaren eskaintzaz harago, itxura gustagarria gordetzen duten hainbat mokadutxo:

Limbo (Zuzendari Berriak), kulturarteko satira jostari eta hunkigarria; zinema beltza eta thriller generoa nahastuko dituen Hil Kanpaiak (Zuzendari Berriak); adiskidetasun sakona, generoa eta esnatze sexuala landuko dituen Las mil y una / One in a thousand (Horizontes Latinos) argentinarra; edo idazketari, irakurketari, sortzaileen arteko belaunaldi-talkari eta sormen-prozesuari buruzko hausnarketak eskainiko dizkigun Edición Limitada / Unlimited Edition (Horizontes Latinos).

Nazioarteko estreinaldi nabarmenduenak biltzen dituen Perlak sailean, aldiz, ez ezazue galdu Never Rarely Sometimes Always, gai garrantzitsuak jorratzeko beldurrik ez duten bi neskaren arteko adiskidetasunaren kontakizun hunkigarria. Honekin batera, adi ere Miss Marx lanari; Marxen alabaren punk bertsioa aurkeztuko digu Susanna Nicchiarelli zuzendariaren lanak, pantaila lehertuko duen manifestu sozialista batean.

Genero esperimentalaren, eta zinema ausart eta mugagabearen atala da Zabaltegi-Tabakalera. Bertan ere izango dugu zer dastatu: Ya no duermo, banpiroekin jolasten jarriko gaituen laburra; Dustin, histeria kolektiboa, malenkonia eta euforia sentimenduak nahastuko dituen proposamena; eta Yellow Cat/ Zheltaya Koshka, zinemazale zorrotzenek espektatibak ere asebeteko dituen film kazakhstandarra.

Amaitzeko, denok topatuko dugu gure neurrira egokitutako proposamenik urteko euskal zinemaren lagina bilduko duen Zinemira atalean. Esaterako, Guardia Zibilak Mikel Zabalza nola hil zuen kontatuko du Non dago Mikel? dokumentalak; road trip bidaian eramango gaitu Nora proiektuak; identitate nazionalaren eraikuntza prozesuaren arrakalak aztertuko ditu JO TA KE lanak Herrera de la Manchako espetxetik; eta Enrique Villarealen alderdi eta ertzak azalduko ditu El Drogas dokumentalak.

Postre gisa, ipini iezaiozue arreta datozen hilabeteetan Arantza Santestebanen 918 gau proposamenaren bilakaerari. Egileak berak kartzelan igarotako bizipenetan oinarrituta, kartzela-bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratuko ditu, hala nola, denboraren igarotzea, isolamendua, ondorio fisiko eta psikologikoak, eta menderakuntzaren gune opakoak. Hau ere iritsiko da.

Ez eskatu erantzunik galderak emango dizkizun arteari. Zabaldu ondo begiak, burua, bihotza eta GOZO GOZA!