Ziurgabetasuna da hitza. Behin eta berriz irakurri dugu hedabide eta arduradunen artean. Malagako Zinema Jaialdia atzeratu eta oraintsu bukatu da, printzipioz, segurtasun neurri eta protokoloak zorrotz bete ostean kasu positiborik gabeko ekitaldia izanik. Veneziako Mostra izan da hurrengo erronka nagusia, erabakigarriagoa akaso, eta badirudi ez dela ezustekorik izan. Hurrengo hitzordua, Donostia Zinemaldia. Dagoeneko martxan da 68. edizioa, eta aipatutako aurrekarien bide berbera jarrai dezan opa diogu. Erabaki zaila da, nazioarteko hitzordu garrantzitsu bati uko egin behar izateak, bertan behera uzteak, hondamendi ekonomikoa ekar bailezake. Egin egingo dutela defendatu zuten antolatzaileek lehen momentutik, eta modu presentzialean gainera. Online-ak ez baitu zentzurik maila, hedapen eta gisa honetako hitzordu batean.
Industriaren eta zinemaren beraren defentsan egindako apustua dela entzun diogu Jose Luis Rebordinos zuzendariari, eta hala aldarrikatu zuen Lido uhartean, nazioarteko beste hainbat zinema jaialdi garrantzitsuenen zuzendariekin batera Veneziako Mostraren inaugurazio ekitaldian egindako agerraldian. Manifestuek jarraipena izango du datozen egunetan Donostian. Hirian izan zen atzo Thierry Frémaux Cannesko zuzendari nagusia, eta irekiera ekitaldian hitza hartu zuen: “2020an 125 urte ospatzen dira Lumière anaiek zinematografoa eta zinema aretoa asmatu zituztenetik. Gaur mehatxua aretoen gainean dago, etorkizuna plataformena ere bada, baina Lumière-tarrek hemen denok batera egingo duzuena nahi zuten: pelikula bat pantaila handian ikusi eta emozioak partekatu. Zinema ez da inoiz hilko”.
Woody Allen zuzendari estatubatuarraren Rifkin‘s Festival filmak inauguratu du aurtengo ekitaldia, iazko udan Donsotian bertan eta inguruetan errodatutako lanak. Donostia Zinemaldira joango den bikote ezkondu estatubatuar baten istorioa izango du ardatz zinegilea Europako eta AEBetako hiri garrantzitsuen edertasuna erakusteaz arduratu da beste behin, oraingoan Gipuzkoako hiriburuan ospatzen den zinema jaialdiari barari ere omenalditxoa eginez. Filmaren kalitateaz eta mailaz, baina, ezer gutxi esan dezaket, ikusteko aukerarik izan ez baitut. Sarrera guztiak salduta, erabateko arrakasta izan du Allenek ikus-entzuleen agendetan.
Sail Ofizialeko lehiari, baina, Pablo Agueroren Akelarre lanak eman dio hasiera. 1.609 urtera bidaiatuko du filmak, sorgin ehizak indarra hartu zuen garaira hain zuzen, eta eskualde txiki bateko biztanleengan jarriko du fokua. Zonaldeko gizonak itsasoz bestaldera irten dira beharrean, eta inguruan geratutako emazte, alaba eta ahizpak basoan bilduko dira ospakizun handi baterako. Erregeak izendatutako Rostegi epaileak, ordea, jaialdian parte hartu duten hainbat emakume atxilotuko ditu. Kutsu mitologikoa dauka pelikulak, eta fantasiak, badu zeresan garrantzitsurik. Azken sekuentzi askatzaile eta esplosibora iritsi bitartean, filmak hainbat irakurketa iradokiko dizkigu. Zer ari gara ikusten? Nor ote dira doktrina katolikoak zigortu nahi dituen neskatxak? Sorginak al dira, edo iruzurgileak? Ezin ulertuzko jazarpena sufritzen ari diren herritar soilak, akaso?
Ikuspuntuak ezinbesteko garrantzia dauka Akelarre-n. Ziega ilun batean pasako dute protagonistek ia istorio osoa, eta halabeharrez beraiekin identifikatuko gara. Sorgin-ehiza historikoa ardatz, emakumeek betidanik jasandako bortizkeria argi eta garbi erakutsiko du filmak, eta gaur egun egoerak ia aldaketarik izan ez duela konturatuko da ikus-entzulea. Protagonisten arteko elkartasuna filmatzeaz arduratuko da Aguero, ideia horri heldu nahi dio neskato gazteen indarra, kemena eta borroka azpimarratuz. Protagonistak ahaldunduko ditu, eta aldarrikapen horretan hizkuntza, euskara, ere oso presente egongo da.
Akelarre ez da jaialdiko lehenengo egunean ikusgai egon den euskal film bakarra. Izan ere, Zinemira saila ere abian da, eta bertan aurkeztu du Lara Izagirre zornotzarrak bere bigarren film luzea, Nora. 2018ko Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Foroan garatzeko hautatu zuten proiektua, eta ikus-entzuleen aurrean erakutsi du orain aurrenekoz. Road movie itxura duen filma da, Zornotzatik Ezpeletara —Urdaibaiko parajeetatik Lekeitiora, eta handik Hendaia ere zeharkatuz—, Euskal Herriko kostaldean zehar egindako bidaia.
Aitona argentinarra hil berritan, bere errautzak amonaren ondora eramateko konpromisoa eta beharra sentituko du Ane Pikaza aktoreak interpretatutako Norak, eta horretarako, hark oinordetzan utzitako Dyane 6 zahar bat erabiliko du. Bidaia, historikoki, norbere buruaren ezagutza irudikatzen duen motibo zinematografikoa izan da, eta hemen ez da aparte izango. Formatu akademikoan —hau da, pantaila karratua ikusiko du ikusleak— filmatuta, pertsonaia bere burutazioetan giltzaperatzea lortuko du Izagirrek, hainbat eta hainbat emakumek bizi dituzten presio sozialak islatuz. 30 urte ditu Norak, eta Amak bikotea izan ez eta familia propioa ez eraikitzea leporatuko dio. Bidaia kronikak idaztea du amets, baina gogoz saiatzen bada ere, bere ametsa betetzetik oso urruti dago. Hala, ihes egin nahiko du, aske izan, eta negar malkoez osatutako itsaso zabalean galdu.
Zuzendari berrien saila, bestalde, harribitxi batek ireki du, Slow Singing filmak. Txinatar zinemak azken hamarkadan izan duen sorkuntza eztandak bertako zinemagintza nazionala lehen lerrora eraman du, eta urtero urtero ari gara zinegile gazte eta interesgarriak ezagutzen. Herrialdearen garapen sozial, industrial eta ekonomikoa jorratu ohi dituzte, eta Dong Xingyiren lehen film hau ere ez da gutxiagorako. Urte luzez kartzelan egon ostean, herrira itzuliko den gizon baten istorioa kontatuko du. Bertan, ordea, denboraren joanak utzitako errautsak baino ez ditu aurkituko: utzikeria, despopularizazioa, tristura… Iñork ez du errekonozitu, eta lagunak zituenak ihes egin dutela konturatuko da. Mutikoei mugikorrak lapurtuko dizkie, eta gaztetan bezala, bertako gizonik indartsuena dela irudituko zaio.
Errealitateak, ordea, gogor kolpatuko du Junsheg, eta testuinguru dekadente eta lehor horretan negar egitea besterik ez zaio Junsegi geldituko, eta nostalgiak jota, oraindik gazte zelarik hil zitzaion aitaren hilobian aurkituko du barrenak askatzeko premia. Xingyi zinegileak protagonistaren krisi identitarioa azpimarratuko du etengabe hura distantziatik filmatuz, baina pixkanaka pixkanaka erregistroa aldaketa sotil baten testigu izango gara. Tokiz kanpo dago Junsheg, aurkitiuko duena ez da gogoratzen zuen herria izango, ezta giroa ere. Landa-eremuetatik industriaguneetara egindako migrazioek gizartearen eta sistema tradizionalaren egitura birpentsatzea eragin dute. Apenas dago lanik herrian, haurrentzako eskolak ixtear daude, eta biztanleen batez-besteko adina oso altua da. Fikziozko filma XXI. mendeko Txinar sakonaren inguruko dokumental bilakatu dela dirudi. Denborak ez du barkatzen, eta bere kontra egiteak ez du zentzurik. Etxeko erlojuak uneoro Beijin hiriburuan zein ordu den errepikatuko ditu, bizitza duin bat izan nahiez gero, aukera bakarra bertara joatea izango du.