Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioa taldeak elkarlanean sortutako Erraiak (2018) filma Rome International Movie Awards  jaialdiko sail ofizialean lehiatzeko aukeratu dute. Film laburrei eskainitako atalean egongo da ikusgai beste sei lanekin batera, baina momentuz ez dute jaialdia zein egunetan ospatuko den jakinarazi.

Kobazuloetatik datorkigun oihua da, entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza, erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna. Orain, baina, Euskal Herriko mugak zeharkatzeko prest azalduko da, eta gaiari buruz inoiz egin den lehen ikus-entzunezkoak Rome International Movie Awards  jaialdiko sail ofizialean parte hartuko du.

Ikus-entzuleek irrintzia gure artean noiztik dagoen eta XXI. mendean oraindik ere bizirik jarraitzen duen ezagutzeko aukera izango dute jardunarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzen bitartez. “Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?”.

Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz, Erraiak dokumentalak irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa proposatuko du. Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioa taldeak elkarlanean egindako proiektua da, ordu erdi pasatxo irauten duena, eta euskara hutsean filmatutakoa. 2019an programatutako aurkezpen biran 35 emanaldi eta 4000 ikusletik gora izan zituen.