ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 62. edizioko kartela aurkeztu du. Eider Corral diseinatzaile grafiko eta arte zuzendariak diseinatu du irudia, eta “errealitatea surreala denean zentzua fikzioak bakarrik nola eman diezaiokeen” nabarmentzen du sorkuntzak.
Azaroaren 13tik 20ra bitartean ospatuko dute 2020ko Zinebi jaialdia, eta dagoeneko Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko 62. edizioak izango duen itxura jakinarazi dute. Azken edizioetan ohikoa izan den bideari helduz, etxeko artista batek sortu du aurtengo kartela, eta bizi dugun egoerarekin konektatuz, gainera, pandemiak aldatutako errealitateari egiten dio erreferentzia.
Uztailean, The New York Times Magazine-ek zenbaki berezi bat itxi zuen, errealitatea surreala denean fikzioak bakarrik eman diezaiokeela zentzua dioen ideiaren inguruan. COVID-19k aldatutako errealitate-sentsazio horrek inspiratuta, eta errealitateak eta fikzioak bat egiten dutela diruditen lekuetan jarritako interesarekin, Eider Corrale diseinatzaile grafiko eta arte zuzendariak, eta kartelaren sortzaileak azaldu du “Bilboko kaleetara atera zen jendea hiriarekin nola ibiltzen zen harrapatu” nahi izan duela bere lanean.
La Salveko zubian ateratako hainbat irudi erabili ditu, errealitatearen erregistro dokumentalaren eta kontakizun baten eraikuntzaren arteko irudi grafiko bat sortuz. Irudiak, close-uparen bidez, distopia birikoaren urte honi lotutako istorioak, fantasiak eta oroitzapenak iradokitzen ditu.
Corral Komunikazioan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta musikarekin eta kulturarekin lotutako proiektuetan aritu da lanean. Bartzelonan diseinu grafikoa ikasi eta tipografian espezializatu da. Bere diseinuetan, hain zuzen ere, tipografiari arreta berezia eskaintzen dio, eta horren bidez atmosferak eta esanahiak artikulatzen ditu.