Ipar Euskal Herriko sorkuntza balioan jarri eta dokumentalen ekoizpena sustatzeko, generoa protagonista izango duen emankizuna eskainiko du Kanaldude telebistak. Joana Duhaldek aurkeztuta, ostegunero, 21:00etatik aurrera emango dute HORDOK.

Telebista katea izateaz gainera, Kanaldude Ipar Euskal Herriko ikus-entzun alorreko eragile garrantzitsu bat da duela urte batzuk. Hain zuzen, 2018 urtetik aurrera, Akitania Berria eskualdearekin Helburu eta Baliabide kontratu bat izenpetu ondoren, Kanaldudek bere proiektuaren alderdi garrantzitsu bat egonkortzeko aukera izan du: inguruko ikus-entzunezko eta zine sorkuntza laguntzea.

Ordutik, Kanaldudek hainbat film labur eta dokumental koproduzitu ditu, diruekarpenak eginaz edota proiektuei baliabideak eskainiz. Bada, sektorea elikatzen jarraitzeko bidean, sorkuntzari buruzko emankizuna estreinatuko dute irailetik aurrera.

HORDOk

HORDOK izena jasoko du saioak, eta hilean behin emitituko dute. Sorkuntza dokumentalei eskainitako tartea izango da, eta aldiro munduari buruzko zinegile baten ikuspuntua erakutsiko da: “Objektibotasunik ez da sail honetan. Mundua hausnartzera eramaten gaituzten filmak proposatuko dira, bakoitzaren izpiritu kritikoa elikatuz”.

Hala, HORDOK programako filmek ondarea ezagutaraztea izango dute helburu. Kanalduderen baloreekin bat egingo dute, eta ikusleei egiazko esperientzia bat eskainiko diete. Egunerokoan entzuten ez ditugun istorio batzuen bidez, honako arloak landuko dituzte:

– Gizartea : gaur egungo erronkak.

 – Artea : munduarekiko dugun harremana hausnartzen duen sorkuntza.

– Kultura : kultura gutxituak munduan zehar.

– Historia : Euskal Herriko Historia.

– Ezustekoa : esperimentazioa.

Joana Duhaldek aurkeztuta, ostegunetan, 21:00etatik aurrera emango dute HORDOK. Hamar dokumental erakutsiko dira iraila eta ekaina artean, eta lehen hedapenaren ondotik, filmak bi hilabetez izango dira ikusgai www.kanaldude.eus webguneko Dokumentalak sailean. Horrez gain, 2021ko udan zehar dokumental guztiak programatuko dituzte.

Ikusgai izango diren zenbait filmen zerrenda, hemen.