Donostia Zinemaldiak zinemari buruzko elkarrizketa sustatzeko atal berri bat estreinatuko du 68. edizioan: Pentsamendua eta eztabaida. Aaron Sorkin, Francisco Ramos, Ted Hope eta Marc Orts izango dira protagonsita nagusiak, baina European Film Forum jardunaldiak eta nazioarteko proiekzioa duten proiektuak abiarazi dituzten profesionaleentzat bideratutako mahai-inguruak ere atonduko dituzte. Saio guztiak streaming bidez ikusi ahalko dira jaialdiaren webgunean.

Donostia Zinemaldiak elkar topatzeko eta ezagutza partekatzeko gune gisa aldarriaktu nahi du, eta horretarako, Pentsamendua eta eztabaida izeneko atal berri bat sortu dute jaialdi donostiarreko antolatzaileek. Eskola magistralak, hitzaldiak, topaketak eta mahai-inguruak prestatu dituzte industriaren, sormenaren eta prestakuntzaren ikuspegitik zinemaren gaineko eztabaida bultzatzeko.

Jarduera guztiak irekian emango dituzte, streaming bidez, Donostia Zinemaldiko webgunean:

  • Irailaren 22an, 19:00etan: Aaron Sorkin. Gidoilari onenaren Oscar saria irabazi zuen 1992an A Few Good Men (Rob Reiner) filmean egindako lanagatik, eta gidoi egokitu onenarena 2010ean David Fincher zuzendariaren The Social Network lana idazteagatik. Telesail ezagun eta arrakastatsu askoren sortzailea ere bada: The West Wing (1999-2006), Sports Night (1998-2000) eta The Newsroom (2012-2014).
  • Irailaren 23an, 18:00etan: Francisco Ramos. Ekoizle mexikarra da, eta jatorriz gaztelaniaz sortutako Netflix plataformako edukien presidenteordea Latinoamerikan. Espainian gauzatu zuen bere ibilbide profesionala. Hala, Aurum Producciones konpainia banatzailean lan egin ondoren, ekoizle independente gisa hasi zen lanean. 2009tik 2017ra, Zeta Taldearen ikus-entzunezkoen adarrerako proiektuak ekoitzi zituen.
  • Irailaren 24an, 18:00etan: Ted Hop. Oscar sarietarako 12 izendapen lortu ditu 90eko hamarkadan bere ibilbide profesionala hasi zuenetik. Ang Lee, Todd Solondz, Alejandro González Iñárritu eta Michel Gondry zuzendarien lanak ekoitzi ditu. Amazon Studioetan ari da azken hamarkadan lanean, eta plataformaren hainbat filmen ekoizpen, merkaturatze eta banaketan parte hartu du.
  • Irailaren 25ean, 11:15ean: Marc Orts. Deluxeko soinu-arduraduna eta sormen zuzendaria da gaur egun, eta bost aldiz irabazi du Soinu Onenaren Goya saria. J.A. Bayona, Pedro Almodóvar, Daniel Monzón eta Jaume Balagueró zuzendariekin egin du lan, eta ESCAC eta ECAMeko irakaslea eta Hollywoodeko Zinema Akademiako kidea ere bada.

Bestalde, irailaren 22an Katalunia, Andaluzia, Euskadi eta Espainiako Europa Creativaren MEDIA Deskek parte hartuko duten mahai-ingurua ospatuko da 12:00etatik 13:15era bitartean; eta European Film Forum jardunaldiak egingo dituzte, 15:00etatik 16:45era bitartean.