Errenteriarrek zinemaz gozatzeko hitzordua izango dute gaur. Izan ere, Ozzinema zineklubak zinema aretoen aldeko aldarria egiteko asmoz, programazio berezia atondu du irailerako. You Don’t Nomi dokumentala emango dute 19:30ean, Niessen zineman.

Ozzinema zineklubak korobabirusaren eraginez zinema-industriak bizi duen egoerari buelta eman, eta ikusleek filmak zinema aretoetan ikus ditzaten nahi du. Hala, programazio bereziarekin ekingo dio ikasturte berriari, eta irailean hiru film proiektatuko dituzte Errenteriako Niessen aretoetan. Hilaren 8an hasi zuten ekimena, eta Honey Boy (Alma Har’el, 2019) izan zen lehen saioko filma. Oraingoan, You Don’t Nomi (Jeffrey McHale, 2019) emango dute.

Paul Verhoevenek zuzendutako Showgirls (1995) filmaren estreinaldiak izan zuen harrera du lanak hizketagai, izan ere, filmak erabateko eztabaida sortu zuen gizartean. Proposamenaren akatsak eta alderdi positiboak alderatu, eta mende laurden geroago ikus-entzuleei erakargarri zergatik egiten zaien ere aztertuko du.

Saioa 19:30ean hasiko da, eta bertaratu nahi dutenek Niessen aretoen leihatilan eskuratu ditzakete sarrerak, 4 euro ordainduz. Ozzinemak Showgirls lana aldarrikatu nahi du saio berezi honetan, baina baita Verhoeven bera ere. Hala, zuzendariari buruz eztabaidatzeko mahai-ingurua prestatu dute antolatzaileek. Iñaki Ortiz zinema kritikaria izango da bertan.