Ostiralean hasiko da Donostia Zinemaldia, eta jaialdian parte hartuko duten euskal ekoizpenen jarraipen zorrotza egingo du aurten ere Zurriolako butaka saioak. Berria, Hamaika Telebista, Kanaldude, Irutxuloko Hitza eta Zinea arituko gara elkarlanean, eta Tessa Andonegik aurkeztuko du.
Berezia izango da 68. Donostiako Zinemaldia, baina, berezia izan arren, Zurriolako butaka saioa ere aurten ahaleginduko da bertan gertatzen denaren berri ematen eta Euskal Herriko ekoizpenen estreinaldiei tartea egiten. Bederatzigarren urtez egingo dugu telebista programa, eta egunkari bat, bi telebista, Donostiako tokiko hedabidea eta zinemari eskainitako ataria elkartuko gara saioa egiteko. Zinema jaialdiak irauten duen egun guztietan —hilaren 18tik 26ra— emitituko da saioa, urteroko moduan: Onlineko hedabideetan 19:00etatik aurrera izango da ikusgai, eta Hamaikak 22:00etan emango du bere ohiko seinalean.
Aurtengo berrikuntzen artean, aurkezlea dago: Tessa Andonegi aktore eta Hamaikako kolaboratzaileak aurkeztuko du zinemari buruzko saioa. «Ilusioz» hartu du Zinemaldian murgiltzeko aukera izatea. «Eskertzekoa da Hamaikak nirekin kontatu izana, jarraipena ematen baitio haiekin 11Tokitan eta Kolpez kolpe saioetan egin dudan lanari». Andonegik, saioko aurkezle berriak, uste du «aberasgarria» dela komunikabide desberdinak elkartzea. «Horrelako egitasmoek egiten gaituzte indartsu euskara eta euskaldunok. Oso ona da helburu bateratu batekin aritzea; kasu honetan, euskal zinemarekiko grinak batzen gaitu».
Saioaren egitura ez da asko aldatuko, baina izango dira berritasunak. Esate baterako, osasun larrialdiaren eraginez, Kursaalaren azpian paratu ohi duten platoa albo batera utziko du programak. Osasun larrialdiak baldintzatuta, segurtasun neurri guztiak bermatuko ditu saioko lantaldeak. Era berean, saioa arinagoa eta dinamikoagoa izango da aurten. Programako errealizadoreak, bestalde, Lara Madinabeitia eta Nagore Arin (Berria telebista) izango dira.
Euskarazko zenbait film
2012. urtean sortu zenetik, Zurriolako butaka-k euskal zinema izan du jomuga. Donostiako Zinemaldiaren berri ematearekin batera, euskarazko ekoizpen berrien inguruan hitz egin eta haien sortzaileei ahotsa ematea izan du helburu. Hala izango da aurten ere. Fikziozko lau film luze estreinatuko dituzte jaialdian: Nora; Ane; Atarrabi eta Mikelats;eta Hil kanpaiak. Horiez gain, Euskal Herrian ekoitzitako makina bat film labur, dokumental, telesail eta lan aurkeztuko dituzte hilaren 18tik 26ra. Horien guztien berri emango du Zurriolako butaka-k bederatzi egunez.
Aurreko urteetan bezala, Zurriolako butaka saioa osorik edo zatika dastatzeko modua izango da. Hau da, euskarazko bost komunikabideetako sare sozialetako kontuetan programako elkarrizketak eta bideoak zatikatuta zabalduko dituzte. Youtubeko zerrenda batean jarriko dituzte programa osoak, elkarrizketak eta bideoak.