Santurtziko Film Laburren Jaialdiak zortzi edizio beteko ditu aurten, eta dagoeneko antolatzaileek jakinarazi dute urte berezi honetako jaialdiaren nondik norakoak. Javier Trapero argazkilariak diseinatu du kartela, eta Papa Diouf herriko bizilaguna da protagonista. Jaialdia urriaren 2tik 17ra bitartean ospatuko dute, birdefinitutako edizioa izango da.

Covid-19aren pandemairen eraginez, aurreko edizioetan baino lan gutxiago aurkeztu dira zortzigarren ediziora, hala ere, antolatzaileek jasotako 498 ekoizpenen maila eta kalitatea nabarmendu nahi izan dute.

Estatuko sailak genero desberdinetako hamar film labur izango ditu, besteak beste jaialdian ezagunak diren David P. Sañudo eta Javier Marcoren lanak eta Berlin eta Locarnotik pasa diren ekoizpenak. Santurtziarren lanak erakutsiko dituzte beste behin ere Santurtzi sailean. Euskal Pantaila atalean Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama lana edota Malagako jaialdian estreinatu den Jon Mikel Caballero zuzendariaren El increíble finde menguate filma egongo dira ikusgai.

Amnistia Internazionalak lanerako eta osasunerako eskubidean jarriko du arreta Ibiltariak atalean bost film laburren bidez. Aurten, lehen aldiz, Donostiako eta Gasteizko fakultateetako unibertsitate-ikasleei erakutsiko zaizkie. Kalean atalean, Bizitegirekin lankidetzan, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonek eta eguneko zentroetako langileek epaimahai gisa jardungo dute etxegabetasunari buruzko ekoizpenen inguruan. Bi atalak nazioartekoak dira eta mundu osoko lanak dituzte.

Estatu eta Santurtzi sailetako irabazleak hautatzeko epaimahaia honako hauek osatuko dute: Lara Izagirre eta Enrique Diego zuzendariak, Jon Plazaola aktorea, Leire Orbe aktorea (‘y punto’) eta Arantza G. Argüello jantzi-diseinatzailea.

Kartelaren aurkezpena

COVID-19k eragindako sasoi gorabeheratsuetan, udalerriko kultura eta ostalaritza suspertzeko asmoz, “jendea istorioak arrantzatzera animatzen saiatu” nahi du Santurtzine jaialdiak. Horretarako, Javier Trapero argazkilariak diseinatu duen kartelak kolorea jarri nahi dio ziurgabetasun garai honi urriaren 2tik 17ra bitartean. Papa Diouf herriko bizilaguna da karteleko protagonista, eta arrantzale baten paperean ageri da.

Koronabirusak Santurtzine jaialdiaren zortzigarren edizioa birdefinitzera behartu du. Izan ere, tabernetako proiekzioak bi hitzordura mugatuko dira orain (hilaren 2an Musicen eta 16an Harolden), eta bertaratzen direnek eserita egon beharko dute, maskara jantzita. Gainera, edukiera murriztuko da, betiere osasun-segurtasuneko neurriak bermatuta. Hartutako neurri horiez gain, Kresala aretoan (hilaren 4an eta 9an) ere proiektatuko dituzte filmak, eta berrikuntza gisa, formatu akustikoko bertako artisten musika izango da entzungai, hala nola, Mi Dulce Geisha, Luis Pereira edo Belier. Santurtzine Zine Lantegia ere antolatuko dute aurrenekoz, euskal ikusentzunezkoen industriari zuzendutako gunea eta bi foro izango dituena.

Egoera sanitarioa dela eta, bertan behera utzi behar izan dute itsasontziz egiten den inaugurazio-jaia, eta Serantes Kultur Aretoko itxiera ekitaldia aurreratu dute ere (hilaren 17an, 20:30ean).