Santiago de Compostelan (Galizia) egin ohi duten Curtocircuito zinema jaialdiak Peninsulas sailean lehiatuko diren lanen berri eman du, eta tardean badira euskal ekoizpenak ere. Maddi Barber zinegile iruindarrak Gorria filma estreinatuko du bertan, eta Laida Lertxundi bilbotarraren Autoficción pelikula ere ikusi ahalko da. 

2020ko urriaren 3tik 11ra bitartean ospatuko dute 17. Curtocircuito zinema jaialdia, eta antolatzaileek dagoeneko jakinarazi dute hitzorduko sail ausart eta askeenean parte hartuko duten lanen zerrenda. Espainiar lurraldeko 12 film ariko dira lehian Peninsulas atalean, eta herrialdeko topiko klasikoetatik urrun esploratzea helburu izango dute bertan ikusgai egongo diren proposamenek. Aurten, gainera, Filmin streaming plataforman ere emango dituzte.

Aukeratutako lanen artean, bi euskal ekoizpen ageri dira. Batetik, Iruñeko Ikuspuntu jaialdiko Premio X Films irabazi berritan, Maddi Barber zinegile iruindarrak Gorria filma estreianatuko du. 16 mm-tan filmatuta, zinemagileak gizakien eta animalien arteko zainketen eta indarkeriaren arteko harreman konplexuan jarriko du arreta.

Bestetik, 68. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi – Tabakaleran lehiatu ostean, Laida Lertxundi bilbotarraren Autoficción pelikulak ere parte hartuko du Peninsulas sailean. Genero literario baten izenburua hartuta, fikzioaren eta izatearen zehaztugabetasuna aztertuko du filmak.