Azken urteotako fantasiazko zinemaren ikur bilakatu den Javier Botet aktorea izango da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astearen kartelaren protagonista. Iragan asteartean aurkeztu zuten 2020ko urriaren 30etik azaroaren 6ra bitartean ospatuko duten edizio berria, eta antolatzaileek ikusgai egongo diren film luzeen aurrerapena ere egin dute. Yeon Sang-jo zinegile hegokorearraren Train to Busan 2: Peninsula lanak inauguratuko du aurtengo ekitaldia.
Alberto Moragok Madrilgo Picnic tabernan ateratako argazkia oinarri hartuz Ytantos estudioak diseinatu du kartela, eta Javier Botet aktore espainiarra da bertan protagonista nagusia. Hala, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak omenaldia egin nahi izan dio generoak azken urteetan eman duen aktore emankorrenari.
Botetek 2005ean egin zuen debuta Brian Yuzna zuzendariaren Beneath Still Waters (2005) lanean, baina bere ibilbideak [REC] (2007) filmean (eta ondorengo sagan) egin zuen eztanda: Mama (2013), Las brujas de Zugarramurdi (2013), Magical Girl (2014), Crimson Peak (2015), The Conjuring 2 (2016), El guardián invisible (2017), The Mummy (2017), It (2017), Slender Man (2018), Insidious: The Last Key (2018), Ventajas de viajar en tren (2019), Scary Stories to Tell in the Dark (2019) eta Malasaña 32 (2020) lanetan parte hartu du. Gainera, 2013an Al final todos mueren pelikula kolektiboaren zati bat idatzi eta zuzendu zuen, eta 2019an Amigo (2019) filmaren gidoilarietako bat izan zen, baita protagonista ere.
31. edizioa beteko duen jaialdiak kartelaz gain, 2020ko urriaren 30etik azaroaren 6ra bitartean ikusgai egongo diren film luzeen aurrerapena era aurkeztu dute, eta guztien buru, Cannes 2020 zigilua duen Train to Busan 2: Peninsula lana ageri da. Yeon Sang-jo zinegile hegokorearraren filmak inauguratuko du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Horrez gain, Benny Loves You (Karl Holt, 2019), Meander (Mathieu Turi, 2020), La Nuée (Just Philippot, 2019), PG: Psycho Goreman (Steven Kostanski, 2020), Sea Fever (Neasa hardiman, 2019) eta Tailgate (Lodewijk Crijns, 2019) filmak proiektatuko dituzte jaialdiak iraun bitartean.