Ekain Albiteren (Zumaia, 1999) Haizearen Egia film laburra estreinatuko dute gaur, irailak 10, Zumaiako Aita Mari aretoan. Maluta* Filmsek ekoitzi du, eta Zumaiako Udalaren, Zestoako Udalaren, Euskal Fondoaren, Darahli Elkartearen, Wadna Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.
Albite zinema-zuzendaritza ikasten ari da Bartzelonako ESCACen, eta lehen aldiz aritu da zuzendaritza profesionalean. Tahar-en istorioa kontatu du: Saharako 20 urteko mutil gaztea da, eta Euskal Herrian bizi da. Haren familiak, ordea, Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizitzen jarraitzen du. Egun batean, dei bat jasoko du bertatik: aita hilzorian dago. Saharar gaztea etxera itzuliko da eta, aitaren gorputza garbitzen duen bitartean (musulmanen usadioa), aurre egin beharko die iraganari, oroitzapenei eta kontraesanei. Lortuko al du bere bizitzako piezak dagokien lekuan jartzea? Gai izango al dira elkar ulertzeko? Eta elkarri barkamena eskatzeko?
“Zumaian, eta baita ere Zestoan zein inguruetan, beti izan dugun Sahararekiko elkartasun indarrari zor zaio film laburra. Hori izan zen film hau egitera bultzatu ninduen arrazoia”, azaldu zuen Albitek prentsaurrean egindako aurkezpen ekitaldian. Izan ere, gaztetan Sahara ezagutzeko aukera izan zuen Darahli Zumaiako herriko esker.
Hain zuzen, Darahli Elkartea bera da filmaren beste partaideetako bat. Katixa Garcia ordezkariak halako ekimenen beharra azpimarratu du agerraldian, Saharan bizi duten egoera azaleratzeko tresna gisa. Bertan izan zen ere Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, eta eskerrak eman dizkio herri osoaren izenean hainbeste urtean herrian egin duen kontzientziazio lanagatik eta martxan jarri dituzten proiektuengatik. “Herrien arteko elkartasunean sinisten dugu, eta bide horretan ezinbestekoak dira Haizearen Egia (2020) bezalako proiektuak”, esan zuen Albiteren filmari buruz.
Bi aldiz izan ziren Saharan filmaren grabaketarako, bertako zine eskolarekin elkarlanean. “Bertako aktoreekin eta teknikariekin egin dugu lan”, adierazi zuen Maluta* filmseko Ritxi Lizartza ekoizleak, “hori izan zen zuzendariari jarri genion baldintza bakarra”. “Ez genuen istorio paternalistarik nahi, Europatik Afrikara begira eraikitako kontakizunik. Bertatik eta bertakoek kontaturiko istorio bat izatea izan da helburua”.
“Bidea ez da erraza izan, Tindufen bertan errodatzeak dakarren zailtasunaz gain, COVID-19 gaitzaren krisialdiak harrapatu gaituelako”, prozesuaren argi-itzalak gogora ekarriz amaitu zuten aurkezpena egileek. Zumaiako Udala, Zestoako Udala, Euskal Fondoa, Darahli Elkartea, Wadna Elkartea eta Eusko Jaurlaritza izan dituzte bidelagun.
Estreinaldia, Zumaian
Gaur, osteguna, estreinatuko dute lehen aldiz filma, Aita Mari zinean. 20:00etan hasiko da ekitaldia, eta aurkezpena, proiekzioa eta solasaldia hartuko ditu.
COVID-19 gaitzak behartutako segurtasun neurriak direla eta, aforoa mugatua izango da. Gelditzen diren gonbidapen apurrak cristina@malutafilms.eus helbidean egongo dira eskuragarri.
https://vimeo.com/user29294945