Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Artium Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoak ‘Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: ez dugu gogoko’ erakusketa inauguratu berri dute. Donostia Zinemaldiaren 1977ko edizioan ardaztuko da, alegia, zinema-jaialdiaren kudeaketa Donostiako hiriari eskualdatu ondoren egin zen lehendabizikoan. Erakusketarekin batera, Carlos Rodríguez Sanzen eta Manuel Coronadoren Expediente lana aurkeztu dute antolatzaileek, edizio hartan Donostia Zinemaldian film labur onenaren Urrezko Maskorra jaso zuena.
Bilduma oso bat, errotiko aldaketa ekarri zuen edizioaren berri emateko. Trantsizioaren lehen urte haietan, Donostia Zinemaldiaren eraldaketaren abiapuntua izan zen 25. edizioa, zinema- eta politika-esperimentazioko laborategi bihurtu baitzen, gizarte-borroka handiko garaia izanik. Bada, garaiko artxiboko materialak ikusgai daude dagoeneko, asko inoiz ezagutzera eman gabeak, tartean, gutunak, argazkiak eta aldizkariak.
Ekimena Artium Museoaren Bildumaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal herrian 1977-2002 aldian erakusketarekin lotuta dago eta Zinemaldiak eta EQZEk bultzatzen duten Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren parte da. Pablo La Parra Pérez erakusketaren komisario eta Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) ikerketa-saileko arduradunaren hitzetan, «1977. urtean, Donostia Zinemaldiak 25 urte bete zituen, baina edizio hura urteurrena bainoago borrokarako gunea izan zen: hiriak aurrenekoz kudeatu zuen jaialdia, eta aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu zen, zinema-jaialdi demokratiko berri bat sortzeko».
Erakusketarekin batera, Carlos Rodríguez Sanzen eta Manuel Coronadoren Expediente lana aurkeztu dute antolatzaileek, 1977ko Donostia Zinemaldian film labur onenaren Urrezko Maskorra jaso zuena, eta Artiumen inauguratu duten mostrarako propio zaharberritu eta digitalizatutakoa. 16 mm-an filmatutako 15 minutuko filma da, Equipo Crónica (Rafael Solbesek eta Manuel Valdések osatutako kolektiboa) taldearen pinturari buruzkoa. Aldi berean, errepresio frankistaren ondorioei buruzko hausnarketa proposatzen du. Filma proiektatzen den hormaren parez pare, hain zuzen ere, Equipo Crónicaren (1975) Leer a Daumier margolana dago ikusgai, Artium Museoko Bildumakoa.
Ekimenak agerian jartzen du 1953az geroztik Zinemaldiaren artxiboan gorde diren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, kritikak eta aipamenak egunkari eta aldizkarietan, liburuak, etab.). Helburu nagusia da hausnarketa bat piztea Zinemaldiaren iragan, orain eta etorkizunaren inguruan, bai eta zinema-sorkuntzarekin eta pentsamendu garaikidearekin kritikoak diren elkarrizketa batzuk bultzatzea ere. Hala, Zinemaldiaren artxiboko material guztiak daude erakusketan ikusgai: Zinemaldiari babesa ematen dioten gutunak eta komunikatuak; lehiaketaren aldizkari ofizialaren azalen eta artikulu esanguratsuen originalak; diktadura frankistaren jazarpena jasan zuen Viridiana filmaren kartel bat, zeinaren zuzendaria, Luis Buñuel, omendu baitzen Zinemaldiaren edizio hartan; garaiko egunkari zatiak; Juan Carlos Eguillorrek sinatutako komiki bat; eta zinemaren munduko aurpegi ezagunak agertzen diren argazki ugari, Harrison Ford eta Carrie Fisher, Elias Querejeta eta Luis Buñuel….