IPES Fundazioaren eta Golem zinemen elkarlanari esker, Iruñea zinemaren topaleku bilakatzen ari da egunotan. Astelehenean ekin zioten Zinemaren eta Emakumeen 34. Erakusketa Internazionalari, eta irailaren 11ra bitartean bosna dokumental eta film labur proiektatuko dituzte.
1987an lehenengo edizioa egin zutenetik, hausnarketa eta eztabaidarako topagune izan da Zinemaren eta Emakumeen Erakusketa Internazionala, eta aurten, COVID-19aren gaitzaren ondorioz ekainean egitekoa zen ekitaldia bertan behera utzi behar izan bazuten ere, hitzordua berreskuratu eta aurrez aurre egiten ari dira egunotan.
Erakusketa hasi aurreko egunetan, abuztuaren 26an, Iciar Bollain zinegileak La boda de Rosa bere azken filma aurkeztu zuen atariko gisa, eta topaketak iraun bitartean nazioarteko gonbidatuak ere gerturatzea aurreikusten dute antolatzaileek. Espainiako filmez gain, Kubako, Ipar Mazedoniako eta Austriako lanak egongo dira ikusgai, denak ere emakumezko zinegileek zuzendutakoak. Emanaldiak 11:00etan eta 20:00etan izango dira, Iruñeako Golem aretoan, baina filma laburren saioak bestelako ordutegi bat izango du:
- Astelehena (irailak 7): A media voz (Heidi Hassan eta Patricia Pérez, 2019)
- Asteartea (irailak 8): Honeyland (Tamara Kotevska eta Ljubomir Stefanov, 2019)
- Asteazkena (irailak 9): Rol & Rol (Chus Gutiérrez, 2020)
- Osteguna (irailak 10): Las hijas de Cynisca (Beatriz Carretero, 2019) / Film laburren erakusketa (17:30ean eta 22:30ean)
- Ostirala: Little Joe (Jessica Hausner, 2019)