Jaime Murciegok eta Pablo Iraburuk zuzendutako Cholitas (2019) dokumentalak lau sari berri jaso ditu azken egunetan: Trentoko (Italia) Zienma Jaialdiaren 68. edizioan hiru, eta beste bat Ushuaia Shh Nazioarteko Mendi Zinemaldian.
Italiako zinemaldiaren kasuan, Elkartasunaren Saria, Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Trentino Foruma, eta Mendi Film Onenaren Publikoaren Saria irabazi ditu filmak. Italiako hitzordua munduko zinema eta mendiko nazioarteko lehiaketa zaharrena da, eta Cholitas (2019) filma streaming bidez proiektatu zen abuztuaren 27an, jaialdiaren on line ekitaldiaren barruan.
Halaber, Argentinako Ushuaia Shh Mendi Zinemaldiko Nazioarteko Jaialdiak Pertsonaia Onenaren aitortza egin dio dokumentalari, “arimaren purutasuna, sendotasuna, eta kultura-herentzien balioa errealitatea ausartu, eta, baldintzarik gabe, haiek izateko erabakia hartu izanagatik; izan ere, mendia da nabarmentzeko eta gailurrera iristeko bidea”.
Filmak mendiko espedizio batera doazen bost emakume indigena boliviarren istorioa du ardatz: Lidia, Liita, Dora, Rlena eta Ceciliarena. Amerikako mendi altuena (Aconcagua) igoko dute beraien soineko tradizionalak daramatzatela. Mendian gora aske, zoriontsu eta bizi sentitzen dira emakume ausart eta inspiragarri hauek, eta tradizioa mantentzen eta naturarekin bat egiten irakatsiko diote publikoari.
2016an, cholita mendizaleen inguruan artikulu bat irakurri ondoren, emakume hauekin kontaktuan jarri zen Jaime Murciego errealizatzailea. Handik gutxira, Boliviara bidaiatzea erabaki zuen. Emakumearen ametsa zen horren alde egin zuen bertan: Aconcagua mendiaren gailurrera iristen lagundu zituen, bidaia guztia grabatu bitartean. Lan mardul horretan, Arena ekoiztetxeko Pablo Iraburu izan zuen bidelagun.
2019ko abenduan ospatutako BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 12. edizioan aurkeztu zuten lana, eta orduan heldu zitzaion lehen arrakasta. Izan ere, filmak epaimahaiaren saria jaso zuen, “ezkutuan dauden gaiak, gainditze eginahalak, eta erronka epiko bat erakusten dituen istorio handi bat delako”. Horren ondorioz, 2020ko urtarrilean hilabete abiatu zuten Mendi Tour ziklo ibiltarian proiektatua izateko hautatutako filmetako bat izan zen ere.
Besteak beste, Japoniako telebista publikoan proiektatu dute lana, eta Buenos Airesko Finca jaialdian ere aurkeztu zuten. Horrez gain, Cervino Cine Mountain Film Festival jaialdian errekonozimendu nagusia jaso du, eta Suitzako Festival International du Film Alpin des Diablerets (FIFAD) jaialdian gailendu da azken asteetan.
Cholitas (2019) dokumentalak Boliviako, Estatu Batuetako eta Britainia Handiko jaialdietan jarraituko du nazioarteko ibilbidea.