Kanaldude Telebistaren laguntzaile elkarteak bideo eta zinema ikastaro laburrak eskainiko ditu urte osoan zehar, Kanalduderekin partaidetzan. Saioak Bidarrain egingo dituzte, Kanalduderen egoitzan, datozen hilabeteetako larunbat goizetan.

Zer da telebista bat? Zein izan behar du betetzen duen funtzioa? Kanaldude Telebistarentzat, “zalantzarik gabe”, herritarrekiko hurbiltasuna zaintzea da gakoa. Bide ezberdinen bidez sustatzen dute lotura hau, baina, batez ere, edukiak “molde parte-hartzailean ekoiztea eta bideogintzarako tresnak demokratizatzea” da beren lan egiteko moduaren oinarria.

Bide horretan, Kanaldudek defendatzen duen lurralde dinamikan kokatuz eta zerbitzu publikoa eskaintzearen logikan, ikus-entzunezko formakuntza jarraia egingo dute datozen hilabeteetan. Ikastaroak larunbat goizetan egingo dituzte, telebistak Bidarrain duen egoitzan, eta 2021eko uztailera bitarteko jarraipena izango dute. Telebideta eta zinemaren hainbat alor jorratuko dituzte, maila profesional edo amateurragoan, eta saioen segida osoa jarraitu edo egun solteetara bertaratzeko aukera zabaldu dute. Baldintza bakarra, Kanaldudeko Lagunak elkartearen kide izatea izango da (urteko 20€-ko harpidetza ordainduta).

Bideo ikastaroak

  • Urriak 3 : Kamerak: irudi eta soinu hartzea, oinarrizko ariketak
  • Azaroak 7 : Irudiaren teoria: kuadroa, mugimendua, muntaketa
  • Abenduak 5 : Nola sortu erreportaje bat
  • Urtarrilak 2 : Soinua: praktika aurreratua
  • Otsailak 6 : Irudia: praktika aurreratua
  • Martxoak 6: Muntaketa: oinarrizko ariketak
  • Apirilak 3 : Muntaketa: praktika aurreratua
  • Maiatzak 1 : Hedapena eta bideo formatuak
  • Ekainak 5 : Multikamerak: hastapena
  • Uztailak 3 : Multikamerak: Zuzeneko errealizazioa Kanalduderen kamioitik

 

Zinema ikastaroak

Bestalde, 3 zinema ikastaro proposatuko dituzte udazkenerako, ondoko gaiaren inguruan: “Zinemako eszena mitikoak euskaraz berriz egin”. Zinema molde jostagarrian lantzeko aukera zabalduko dute, zinemako eszena ospetsuak errepikatuz. Ikastaro bakoitzak 3 eguneko iraupena izango du: lehen egunean gidoi tekniko eta artistikoak idatziko dituzte, bigarrenean filmaketa antolatzen ikasiko dute, eta hirugarrenean filmaketa gauzatuko dute. 18-25 urteko gazteei zuzendutako saioak izango dira, eta bakoitzean 6 pertsonek parte hartu ahal izango dute gehienez.

  • Urriak 10,17,24 Lehen tailerra
  • Azaroak 14,21,28 Bigarren tailerra
  • Abenduak 12,19,20 Hirugarren tailerra

Eskaintza osoaren xehetasun gehiago, hemen.