Donostia Zinemaldiaren 68. edizioaren aurkezpen agerraldi ofiziala egin dute gaur mostraren arduradunek. COVID-19ak behartutako segurtasun neurriak azaldu, epaimahaikideak aurkeztu eta filmen azken iragarpenak egin dituzte. Donostia Saria bakarra emango dute, eta irailaren 13an abiatuko da sarreren salmenta.

“Azken urteotako aurkezpenetan erabili ditugun hitzek edo esaldiek ez dute balio gaurkoan”, hasi du bere hitzartzea Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak. Izan ere, COVID-19 gaitzaren agerpenak asko zaildu ditu 68. Edizioa izango denaren prestaketa lanak.

“Aurten zinemazaleek emanaldietan filmak ikusiz eta webgunearen bidez izango dute Zinemaldiaz gozatzeko aukera”, argitu du Maialen Beloki zuzendari ordeak. 2020 urtekoa berezia izango da zinez, ohikoak diren jende pilaketa eta ilarak ez ditugulako biziko. “Datorren urtean normaltasunez egin ahal izateko, jendeari eskatzen diogu Maria Cristina hotela eta Kursaal inguruetan ez pilatzeko, aglomeraziorik egon ez dadin”, gaineratu du Rebordinosek. Agur alfonbra gorriaren zirrarari edota nazioarteko izarrak beren iritsieran agurtzeari.

Esperotako murrizketez gain, gaurko egunez ohikoak diren beste hainbat kontu aipatu dituzte ere. Besteak beste, jakinarazi dute Luca Guadagnino zinemagile italiarra izango delaa Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialeko epaimahaiburua. We Are Who We Are telesailaren mundu-estreinaldia lehiaketatik kanpo aurkeztuko du zuzendariak, eta epaimahaian izango dira, baita ere, Marisa Fernandez Armenteros ekoizle espainiarra, Michel Franco zinemagile mexikarra eta Lena Mossum jantzi-zuzendari suediarra. Zinemaldiak aurki jakinaraziko du nor izango den Sail Ofizialeko bosgarren epaimahaikidea.

Gainerako sailen epaimahaiak aurkeztu dituzte ere, baieztatu gabeko izen batzuen faltan:

  • Kutxabank- New Directors Saria: Belen Funes (lehendakaria), Aist? Dirži?t? eta Ariel Schweitzer.
  • Horizontes Saria: Jayro Bustamante (lehendakaria), Celia Rico eta Valérie Delpierre.
  • Zabaltegi – Tabakalera Saria: Pucho eta Carlos Rodriguez Ríos
  • Euskal Zinemaren Irizar Saria: Maider Oleaga, Irati Crespo eta Diego Soto Ortiz
  • NEST Epaimahaia: Francy Fabritz, Tomás Paula Marques eta Viktor van der Valk
  • Europa – Latinoamerika Koprodukzio Foroa: Jhonny Hendrix Hinestroza, Nadia Turincev eta Olmo Figueredo

Perlak

Gainera, Veneziako Mostratik datozen bi lanekin –Nomadland (Chloe Zhao) eta The World to Come (Mona Fastvold) filmekin– osatu da nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan txalotutako eta/edo saritutako obrak biltzen dituen Perlak sailaren film-zerrenda.

Nomadland Chloe Zhao (Zhao Ting, 1982) zuzendari eta gidoilari txinatarraren sorkuntza da, Jessica Bruder kazetariaren izen bereko liburuaren egokitzapena. Estatu Batuetan lan bila nomada gisa bidaiatzen duten pertsonen fenomenoa ikertu zuen Bruderrek lan horretan. Frances McDormand aktorea da filmeko protagonista eta ekoizlea.

Bestalde, Mona Fastvold (Oslo, 1981), New Yorken bizi den zuzendari norvegiarra izango da Perlak Saila itxiko duena lehiaketaz kanpo aurkeztuko den bere bigarren film luzearekin; The World to Come Veneziako Urrezko Lehoia irabazteko ere lehiatuko da eta Katherine Waterston, Vanessa Kirby, Christopher Abbott eta Casey Affleck aktoreek hartu dute parte bertan. XIX. mendean Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko mugan gertatzen den drama horretan, elkarren aldamenean bizi diren bi bikote ingurune eder baina gogor bateko ezbeharren eta isolamenduaren aurka borrokatuko dira.

Emanaldietarako sarrerak

Sarreren salmenta irailaren 13an (9:00etan) irekiko da, eta egun bakoitzean hurrengo hiruetarako txartelak eskuratzeko aukera egongo da.