Artium museoak Hasieratik. Zine feministaren istorioak zikloaren bigarren saioarekin ekingo dio ikasturte berriko programazioari. Maider Oleaga zinemagileak Chantal Akerman eta V?ra Chytilová zuzendarien filmak aurkeztuko ditu datorren larunbatean.

 “Historia guztiek daukate hasiera bat. Baina ez dago historia bakarrik. Kontalari bakoitzak sortzen du bere historia hitzez hitz. Pelikulaz pelikula zinemaren historiaren kasuan. Eta historia guztiek hasiera bat daukaten bezala, zinemaren historia bakoitzak lehenengo pelikula bat dauka. Askotan Lumière anaien La sortie de l’usine à Lyon izaten da lehenengo pelikula hori. Ziklo honetan proposatzen dugun hasiera ere 1895 urtean kokatzen da eta pelikula beraren proiekzio itxi batean. Baina begirada aldatzera gonbidatzen zaituztegu eta ikusleen artean Alice Guy aurkitzera”.

Historia berri bat posible dela aldarrikatuz, zinema feministaren historian zehar ibilbide bat proposatuko du Artium Museoak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Donostiako Nazioarteko Zentroak elkarlanean antolatutako zikloak. Hain zuzen. Alice Guy zinemagilearekin eman zioten hasiera, martxoan, zinemaren historiako emakume aitzindariei eskainitako saio batean. Koronabirusaren agerpenak programazioa eten zuen, eta ikasturte berriaren hasierarekin batera berreskuratuko dute orain.

Maider Oleaga gonbidatu

Irailaren 5ean, larunbatean, egingo dute lehen saioa. 18:00etatik aurrera eta Maider Oleaga zinema zuzendariaren eskutik, hainbat zuzendari aitzindarik sortutako lanari erreparatuko diote. Izan ere, bi pelikula aurkeztuko ditu Oleagak: Saute ma vill(1968), Chantal Akerman zuzendariaren lehenengo film laburra, 13 minutukoa; eta Daisies (1966), V?ra Chytilová zuzendariaren pelikula, 1968ko Pragako Udaberria baino hiru urte lehenago filmatutakoa.

Antolatzaileek gogorarazi dute, segurtasun neurriak betetze aldera, mugatua izango dela proiekzio-aretoaren edukiera, eta, hortaz, aurrez eskuraturiko txartel bidezko sarbidea izango dutela saioek. Tarifa 2 eurokoa izango da saio bakoitzeko, eta, 10 euroren truke, zazpi saioz osatutako ziklo osorako txartela 10 eskuratzeko aukera izango da ere.

Egitaraua

Ondo bidean, hilabete bakoitzeko lehen larunbatean egingo dituzte datozen saioak:

  • Urriaren 3an, Garbiñe Ortegak aurkeztuta: Réponse de femmes: Notre corps, notre sexe (Agnès Varda, 1975) eta Daguerréotypes (Agnès Varda, 1976)
  • Azaroaren 7an, Arantza Santestebanek aurkeztuta: Delphine et Carol, Insoumuses (Callisto McNulty, 2019)
  • Abenduaren 12an, Irati Gorostidik aurkeztuta: Riddlles of the Sphinx (Laura Mulvey eta Peter Wollen, 1977)

Oraindik finkatu gabeko bi saio izango dira azkenak:

  • Seigarren saioa: Euskal emakumeak, Mirentxu Loyarte (1981) eta Born in Flames (Lizzie Borden, 1983)
  • Zazpigarren saioa. The Watermelon Woman (Cheryl Dunye, 1996)