El Drogas film dokumentala, Natxo Leuza errealizadore nafarraren opera prima, irailaren 25ean estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zinemira Sailean, Euskal Zinemari Irizar Saria irabazteko lehiatuko da lana.
Enrique Villarreal ‘El Drogas’ musikariari eskainitako dokumental biografikoa da, eta ibai bat izango balitz bezala, euskal rock musikaren historiako izen garrantzitsuenetako baten dimentsio eta alderdi guztiak azalduko ditu.
80 minutuko iraupena izango du filmak, eta Villarrealen adierazpenek, artxiboko materialek, musika-emanaldiek eta lankideei egindako elkarrizketek (Rosendo Mercado, Fito Cabrales, Christina Rosenvinge, Carlos Tarque, Kutxi Romero, Gorka Urbizu, Javier Gallego kazetaria…) osatuko dute. Halaber, bere bizitzan ezinbesteko izan dituen pertsonen hitzak jasoko ditu ere: Mamen Goñi emaztea, Gari eta Araia seme-alabak edota Marino Goñi edo Jose Landa bezalako lagun minak.
NARM Films-en ekoizpena da, Marmoka Films-en bazkidetzarekin. EiTBk telebistako emanaldi batentzako eskubideak erositak babestuko du, eta Golem Distribución banatzailea arduratuko da distribuzio lanetaz. Natxo Leuza aritu da zuzendari zein muntatzaile lanetan, Alex García de Bikuñarekin batera gidoiaren idazketaz arduratu da ere. María Guzman Ligorit eta Rosa G. Loire arduratu dira produkzio-zuzendaritzaz, eta Iñaki Alforjaren esku egon da argazki-zuzendaritza.. Jatorrizko musika Mikel Salasek egin du, eta Danel Ciaurriz da zuzeneko soinuaren eta soinu-diseinuaren arduraduna.
Ondo bidean, datorren irailaren 25ean estreinatuko dute lana Hego Euskal Herriko areto nagusietan, Donostia Zinemaldiko Zinemira Sailean estreinatu eta bost egunera.