Donostia Zinemaldiak haurrentzako bereziki pentsatutako sei filmen hautaketa bat aurkeztuko du, bigarren urtez jarraian, Amenabar enpresak babestuko duen sail batean. Jaialdiko publiko gazteenarekiko konpromisoa berretsiko dute horrela.

Zinemaldiak iraungo duen egunetan,  familientzako saioak programatuko dira asteburuetan Principe zinema-aretoetan. Film guztiak euskarara bikoiztuta egongo dira, Zineuskadik  Zinema euskaraz programaren esparruan egiten duen lanari esker.

Hala, guztira, animaziozko bost film eta irudi erreala eta animazioa nahasten dituen film bat eskainiko dituzte: Alfonbra magikoa, Hodja eta bere alfonbra hegalariaren abenturak kontatzen dituena; Terra Willy: planeta ezezaguna, gazte bat, robot bat eta estralurtar bat protagonista dituena; Mr. Link: Jatorri galdua, mito eta munstroetan zentratutako ikertzaile bati buruzkoa; Playmobil: Filma, jostailu-fabrikatzaile ezagunaren unibertsoko bidaia liluragarria; eta Manou, kaio izan nahi duen enara txiki bati buruzkoa. Gainera, Pokémon Pikatxu detektibea Pokémon frankizia ezagunaren unibertsoan oinarritutako irudi errealeko lehen filma da.

  • Alfonbra Magikoa (Karsten Kiilerich)

Mila gau eta bat gehiago sortako kontakizuna, bere ahuntz leialaren ondoan, eta alfonbra hegalari baten eta hiri handiko kaleetan bizi den neska baten laguntzaz, munduan bidaiatzeko eta etsaiak garaitzeko moldatzen den herriko haur bati buruzkoa: boterea lortu nahi duen sultan bat, bi kaiman goseti eta eskrupulurik gabeko bilau bat…

  • Manou (Andrea BLOCK eta Christian Haas)

Manou enara txiki bat da, eta istripu baten ondoren, kaio bikote batek haziko du. Bera ere kaioa dela sinetsita haziko da, baina laster jakingo du ez dutela inoiz kaio gisa onartuko. Kaioen taldean egokitzen saiatu baina huts egingo du, eta horregatik, bere espezie bereko txoriak ezagutu eta horiekin bizitzen geratzea erabakiko du. Baina laster bai enarek bai kaioek oso arazo larri bati aurre egin beharko diote, eta Manou inoiz izan ez den heroia izango da.

  • Mr. Link: Jatorri galdua  (Chris Butler)

Lionel Frost ikertzaileak mitoak eta munstroak ditu ikergai, eta munduan zeharreko kondairen maisu da. Bilaketa etengabean, izaki arraro eta maitagarri batekin egingo du topo, bere espezieko azken alea den Mr. Link. Piztiaren urruneko lehengusua izan daitekeen Yetiaren bila abiatuko dira adiskide berriak, eta Adelina Fortnight abenturazale adoretsuaren laguntza izango dute horretarako. Izan ere, Fortnight andereak dauka Yetien kokagunea adierazten duen mapa bakarra. Hirurek elkar hartuta, arrisku ugari gainditu beharko dituzte helmugara iristeko.

  • Playmobil (Lino DiSalvo)

Charlie txikia Playmobilen mundu magiko animatuan bat-batean desagertzen denean, haren arreba Marlak bere bizitzako bidaiari ekingo dio, neba berriz etxera ekartzeko asmoz. Mundu harrigarrietan sartu eta ezinezko erronkak gainditu ahala, Marlak lagun berri eta oso dibertigarriekin egingo du topo.?

  • Pokémon: Pikatxu Detektibea (Rob Letterman)

Pikachu detektibeak Tim gazteari lagunduko dio bere aitaren –Harry Goodman detektibearen– desagerpena ikertzen. Tim eta Pikachu konturatuko dira elkarrekin modu guztiz sinestezinean komunikatu daitezkeela, eta elkarrekin abentura zirraragarri bati ekingo diote misterio bitxi bat argitzeko.

  • Terra Willy: Planeta ezezaguna (Eric TostI)

Willy gurasoekin espazioan zeharreko misio batean bidaiatzen ari den haurra da. Espaziontzia istripuz suntsitzen denean, Willy larrialdi-kapsula batean jaurti, gurasoengandik urrundu eta esploratu gabeko planeta basati batean lurreratuko da. Bi lagun izango ditu: Buck, bizirik irauten laguntzeko robota, eta Flash, lagun estralurtarra; horiekin batera, Willyk gurasoekin berriz elkartzeko modua bilatuko du mundu berri liluragarri horren sekretuak aurkitzen dituen bitartean.