Donostia Zinemaldiaren Made in Spain sailak nazioarteko hedapenerako plataforma bat eskainiko dio, beste urte batez, Espainiako zinema berriari. 68. edizio honetan zortzi ekoizpen hartuko ditu bere gain, zazpi film luze eta Escenario 0 telesailaren lehen kapituluaren aurkezpena.
Lehiaketaz kanpoko sail honetan, urte barruan Espainian egindako zinemaren isla diren filmen aukeraketa bat eskaintzen du Zinemaldiak. Espainian estreinaturiko zein estreinatu gabeko lanak izan daitezke, eta Zinemaldiak nazioartean hedatzeko plataforma bat eskaintzen die beren zabalkundea indartzeko.
Bada, espainiar jatorrikoak guztiak, zinema-jaialdietan parte hartu duten lanak daude aurtengo hautaketan, esperientzia handiko zinemagileenak eta hala hasiberrienak. Film laburretan hainbat aldiz parte hartu eta zinema- eta telebista-gidoilari gisa lan egin ondoren, Pilar Palomerok (Zaragoza, 1980) film luzeen zuzendari gisa debutatu du Las niñas lanarekin, eta Espainian 90eko hamarkadaren hasieran jasotako hezkuntzaren bidez egungo emakumeen belaunaldi-erretratua eskainiko du. Filma Berlingo Zinemaldiko Kplus Generation programan estreinatu zen eta Málagako Jaialdian bi sari irabazi berri ditu: Espainiako Film Onenaren Urrezko Biznaga eta Argazkilaritza Onenaren Zilarrezko Biznaga Daniela Cajíasentzat.
Hain zuzen, Málagako Jaialdia La boda de Rosa filmarekin inauguratu zen; 45 urte betetzear dagoela, bizitzaz aldatzeko asmoa duen emakume baten rola egiten du bertan Candela Peñak. Filmak Epaimaiharen Sari Berezia eta Emakumezko Aktore Sekundario Onenaren Zilarrezko BIznaga (Nathalie Poza) irabazi ditu. Iciar Bollainen (Madril, 1967) azken lana da.
My Mexican Bretzel filmak fikziozko eta ez-fikziozko elementuak nahasten ditu, Vivian Barretten egunerokoaren birsorkuntzak eta Léon Barrettek XX. mendeko 40ko eta 60ko hamarkadetan filmaturiko irudiekin konbinatzen baititu. Nuria Gimenezen (Barcelona, 1976) lehen lana– filmak hiru sari eskuratu zituen Gijóngo Jaialdian: Film Onena, Gidoi Onena eta Zuzendari Onena; gainera, Rotterdamgo Jaialdian izan zuen nazioarteko estreinaldia, eta Found Footage saria lortu zuen bertan.
Laura Herrero Garvin (Toledo, 1985) film luze eta labur dokumentalen zuzendari esperientziadunak ere Made in Spain Sailean parte hartuko du La Mami filmarekin, zeina Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatu zuten. Mexikoko kabaret batigarotzen da, non emakume batek lagundu egiten baitie dantzari iritsi berriei.
Bestalde, Jaione Cambordak (Donostia, 1983) bere lehen film luzea estreinatuko du, Arima. Zuzendari Onenaren Saria irabazi zuen Sevillako Europar Zinemaren Jaialdiko Nuevas Olas sailean, eta egun batetik bestera, bi kanpotarren iritsierarekin, bizitza aldatuko zaien lau emakumeren eta neskato baten istorioa kontatuko du. Zinemagile donostiarra bere bigarren proiektua ari da lantzen egun, El cuerno del centeno, zeina Ikusmira Berriak egonaldi-programan hautatu zuten.
Paula Cons Varelak (Coruña, 1976) Shangaiko Jaialdian estreinatu zuen La isla de las mentiras, eta Atzerriko Film Onenaren Saria irabazi zuen bertan. Film horrek –egilearen fikziozko lehen film luzeak– “Titanic Galiziar” izenez ezagutu zen itsasontziak 1921ean izandako urperaketaren benetako historia ekarriko du gogora.
Azkenik, Padre no hay más que uno lanaren lehen zatiaren emanaldia hartuko du atalak. Santiago Segurak (Madril, 1965) zuzendu eta antzeztutako arrakasta berriak aita baten istorioa kontatzen digu, zeina bost seme-alaben ardurapean geratzen den bere emazteak bidaia bat egitera erabakitzen duenean. Torrente sagaren sortzaileak istorioaren bigarren zatia estreinatu berri du zinema-areto komertzialetan: Padre no hay más que uno 2: La llegada de la suegra.
‘Escenario 0’
Telesail baten lehen kapituluaren aurkezpenak osatuko du zerrenda. Irene Escolarrek eta Barbara Lenniek HBO Europe plataformarako ekoitzi dute Escenario 0 telesaila -ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen egile, zuzendari eta antzezle nabarmenen partaidetza izan du- eta Zinemaldian Hermanas izeneko lehen kapitulua ikusi ahalko da, Pascal Rambert (Niza, 1962) antzerkigile frantziarrak eta Diego Postigo (Brusela, 1974) zuzendari espainiarrak sinatu duten Ramberten izen bereko antzerkilan honen ikus-entzunezko egokitzapena.