Espainiako txarteldegiak %70eko beherakada izan du aurreko urteko datekin alderatuta, Zinema-aretoen Nazioarteko Batasunak (UNIC) egindako txosten batean jasotako datuen arabera. Europako 38 herrialdetako erakusleak ordezkatu ditu txosten horrek.

Euskadiko Zinema-Aretoen Elkarteak – EZAEk hilabete hasieran zabaldutako datuen arabera, % 200an hazi da elkartearen bazkideek kudeatutako zinema-aretoetara joandako ikusle kopurua. Datu horiek, ordea, ez datoz bat UNIC erakundeak partekatutako datuekin. Iragan asteburuan eguneratu zuten txostenaren bidez, ohartarazi dute Espainiar Estatuko txarteldegiaren diru-sarrerak %70eko beherakada izan duela iazko datuekin alderatuta.

Halaber, adierazi du erakusketa-sektoreak biltzen dituen 20.000 langileen erdiak baino gehiago, zehazki 11.500 pertsonek, enplegu-erregulazioko espedienteetara heldu direla , COVID-19 gaitzaren agerpenak aretoak itxi ondoren.

#NiZinemaraNoa

Egoeraren larritasunarekin karguturik eta ‘Zinema segurua da’ lelopean, #NiZinemaraNoa kanpainarekin bat egin dute ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat eragilek. Zinema-aretoak leku segurua direnaren ideia defendatuz, zinema-aretoen jarduna eta, oro har, sektorearen biziraupena babestu nahi dituzte.