Ya no duermo (2020) Marina Palacioren (Donostia, 1996) opera prima Donostia Zinemaldiko 68. edizioan estreinatuko da, non eta jaialdiko sail irekienean: Zabaltegi – Tabakaleran. Begirada eta molde berriak bilatzen dituen zinemari leku egiten dion atala da, eremu ireki eta arriskatua zinez, eta mundu mailako zinemagintzaren izen handiekin aritzeko aukera izango du sortzaile donostiarrak.
Marina Palaciok Arte Ederretako gradua egin zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta 2018-2019 ikasturtean graduondoko ikasketak egin zituen Elias Querejeta Zine Eskolan. Hain zuzen, ikasturte hori izan zen eskolako lehena ere. Hainbat diziplina artistikotan dihardu, bereziki zineman eta argazkigintzan, eta egun bere lehenengo film luzea idazten ari da Eusko Jaurlaritzaren Noka Mentoring programaren babesean.
Erreferentzialtasunerako bidea egiten ari den eskola baten lehen promozioko ikasle izatearen esperientziaz, EQZEren balio eta bertuteez, Ya no duermo (2020) filmaren bilakaeraz, Donostia Zinemaldiaz, KIMUAK programaz eta etorkizunaz aritu gara hizketan:
Arte Ederretan lizentziaduna, argazkigintza eta zinemagintzan aritutakoa, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle ohia… Nor da Marina Palacio?
Betidanik zinema maite izan duen 24 urteko emakumea naiz. Txiki-txikitatik izan dut arteaz bizitzeko grina, izan marrazketa edo margolaritza, eta zinema beti ikusi izan dut helburu lorrezin baten gisara. Azken urteotan, ordea, ikus-entzunezkoen eta argazkigintzaren munduan jarri dut arreta, eta gustatuko litzaidake horretan jarraitzea.
Konta iezaguzu zure film laburraren inguruan, Ya no duermo.
Aitarekin eta lehengusu txikiarekin batera filmatu dudan film laburra da Ya no duermo. Nire amaren jatorrizko herrian egin dut, jaio nintzenetik uda eta negu bakoitzean hartu nauen herrian. Urtebete baino gehiagoko lan-prozesua izan da, eta aitari begira jardun dut. Izan ere, izugarri maite ditu berak banpiroak. Joko honi nire lehengusu txikia gehitu zitzaion, eta hark inspiratu ninduen beti inprobisaziora, errealitatera eta fikzioarekin jolasera irekita egon den film labur honi forma emateko.
“Arte Ederren ikasketak amaitu nituenean, leku aproposa behar nuen nire lanak egiten jarraitzeko, eta EQZEn aurkitu nuen abagune hori”
EQZEren Sorkuntza graduondoko ikasketen esparruan garatutako proiektua da, non lehen promozioko ikasle gisa parte hartu duzun. Euskal Herrian, eta baita Espainiar Estatuan ere, erreferentzia-eskola batean ikasle gisa izan duzun esperientziaz hitz egin iezaguzu…
Elías Querejeta Zine Eskola oso eskola berezia da, eta espiritu kritikoa eta zinemaren inguruko pentsamendu etengabea sustatzen ditu etengabe. Aukera paregabea izan da zinea gustuko duten pertsona handiez inguratuta egoteko aukera izan dudalako, eta asko ikasi dudalako haiengandik eta haien proiektuetatik.
Arte Ederren ikasketak amaitu nituenean, leku aproposa behar nuen nire lanak egiten jarraitzeko, eta EQZEn aurkitu nuen abagune hori.
Zer eragin izan du eskolak proiektua sortzeko prozesuan?
EQZE funtsezkoa izan da. Eskola tartean egoteari esker lortu ahal izan dut filma gauzatzea. Ez soilik urtebete luzez baliabide tekniko ugari eskura izateko aukera izan nuelako, baita zinemaren munduko profesional askoren laguntza izan nuelako ere. Batik bat, Maider Oleagaren laguntza estimatu dut. Oso eskertua nago harekin bere begirada berezia nirekin partekatu eta bidean hainbeste laguntzeagatik.
Halaber, nire sorkuntza-prozesua partekatzeko espazioa ere izan da, eta inspirazioa jaso dut alde askotatik.
Beste laguntzarik jaso duzu?
Bai, Gariza Films ekoiztetxea filmaren produkzioaren partaide da. Bidelagun zoragarriak izan dira ere, oso pozik nago aurkitu dudalako. Asko lagundu eta babestu didate, eta, haiei esker, etengabe ari naiz ikasten.
“Uste dut gutxitan izango dudala aukera zinemaldi bateko parte hartzea hain ibilbide zinematografiko garrantzitsua duten pertsonekin partekatzeko”
Donostia Zinemaldian EQZEko ikasle baten film bat programatzen duten bigarren aldia izango da; oraingoan, Zabaltegi-Tabakalera bezalako atal ireki eta berezi batean. Zer suposatu du zuretzat aukeratua izan eta horrek mundu mailako zinemagintzaren izen handiekin lehiatzeko aukera zabaldu izanak? Nola irudikatzen duzu parte hartze hori? Zer espero duzu?
Oso pozik eta eskerturik sentitzen naiz. Filma proiektatzeko lekurik onena iruditzen zait; hainbeste lagundu nauten pertsona guztiez inguratuta, gainera. Aldi berean, errespetu handia sortzen dit. Izan ere, uste dut gutxitan izango dudala aukera zinemaldi bateko parte hartzea hain ibilbide zinematografiko garrantzitsua duten pertsonekin partekatzeko. Zinemaldiak eskaini didan aukera handiaz gozatu besterik ez dut nahi. Filmarekin disfrutatuko duen pertsona bakarra izatearekin, ni zoriontsu izango naiz.
Gainera, nire lankide Jose Maria Avilesek 2019ko NEST aukeraketan parte hartu ondoren, aurten Jaume Claret Muxartekin partekatu ahal izango dut esperientzia, haren Ella i jo film laburra ere NEST 2020an proiektatuko baita. Horrek ilusio handia egiten dit.
Proiektuak ekarritako pozak ez dira gutxi. Kimuak 2020 hautaketa entzutetsua osatzen duten film laburretako bat ere bada… Filmak zein bide egitea gustatuko litzaizuke?
Bai, alde horretatik poza eta esker ona bikoitzak dira. Kimuak hautaketak ate asko zabaltzen ditu, eta horiek zeharkatzea gustatuko litzaidake: filma hainbat jaialditan ikusi ahal izatea eta esperientzia beste zinemagile batzuekin partekatzea.
“Kimuak hautaketak ate asko zabaltzen ditu, eta horiek zeharkatzea gustatuko litzaidake”
Uneotan, zure lehen film luzea idazten ari zara, Eusko Jaurlaritzaren NOKA Mentoring programaren laguntzarekin.
Esperientzia ederra izan da. Zinemagile ugariren laguntza jasotzeko aukera izan dut, besteak beste, Mar Coll zuzendari eta gidoigile kataluniarrarena. Prozesu nekeza izan da ere; nahiko zaila egin zait idaztea nire kamerarekin ez bada, baina merezi izan du.
Nola baldintzatu du lan hori COVID-19 gaitzaren iritsierak?
Tamalez, ezin izan dugu aurrez aurreko laguntza-saioen programazioa bete. Halaber, nahiko etsigarria izan da bideokonferentzietara jo behar izatea sormen-prozesu bat gauzatzeko. Oso beharrezkoa da prozesu hori modu presentzialean eta, Interneta ondo ez dabilelako, estresik gabe igarotzea, eta ez dut horretarako aukerarik izan.
Hala ere, dena primeran egokitu da eta berriro errepikatuko nuke, zalantzarik gabe.
24 urterekin, hasi berri duzu zinemagile bidea… Nola proiektatzen duzu zure etorkizuna? Zein dira zure planak epe labur/ertainean?
Egin nahi ditudan filmak egiten jarraitu ahal izatea espero dut. Baina, batez ere, filmak egiten jarraitu nahi dut. Benetan gustura sentitzen naizen lekua aurkitu dudala uste dut.