Hiru euskal ekoizpenek parte hartuko dute Buenos Airesko Nazioarteko Dokumentalen jaialdian, 2020ko irailaren 9tik 20ra: Zumiriki (Oskar Alegria), Glittering Misfits (Iban del Campo) eta Lurralde Hotzak (Iratxe Fresneda). Online bidez ospatuko da.

Nafar Pirinioetako basoetan bakartzea erabaki duen gizon baten istorioa kontatzen du Zumikiri (2019) lanak, Alegriak berak interpretatua. Naturan barrena, memoriaren bitartez, haurtzarora egindako bidaia poetikoa da, aitak utzitako ondarea berreskuratzea xede duena.

Goriza-Iriberri zonalde hustura itzuliko da sortzailea, Artazu herri ingurua, haurtzaroko oroitzapen kuttunari jarraika. Arga ibaiaren erdikaldera kokatutako irla txikia zen orduan Zumikiri, garaiko jolas eta abentura guztien protagonista. Egun, ordea, desagertu egin da. Ibaiak irentsita-edo, zinemagilearen memorian betetzen du soilik espazioa. Bada, lagunartean sustatutako auzolan baten bidez, 2018ko maiatzetik abuztura bere bizilekua izan zen txabola bat eraiki zuen bertan, zumirikiko zazpi makalak parez pare dituela: Nagusi, Adarra, Txima Luze, Galtzerdi, Lehorra, Seigarrena eta Eskeintza. Hilabete horietan bizitakoa izango da kontakizunaren muina, betiere bere oroitzapeneko hainbat pasarterekin nahastuta.

Bestalde, Iban del Campo zuzendariak New Yorkera egindako bidaian aurkitutako gaugiroa du ardatz Glittering Misfits (2019), eta bertako burlesque subkulturan murgiltzeko saiakera azaltzen du. Dirty Martini eta Tigger! ditu protagonista, eta horien eskutik transgresioa, performancea, umorea, sexua zein satira politikoa, sekula lokartzen ez den hiriko alderdirik zital eta magikoenak ezagutuko ditu ikus-entzuleak. Aurrez errodaturiko beste bi labur dokumentaletan aurkeztu zituen bi pertsonaiak, eta horiek elkartzeko aitzakia perfektua izan du del Campok bere lehen luzea izan den filmean.

Azkenik,  2018an argitaratu zuen Iratxe Fresnedak Lurralde Hotzak  dokumentala. Ikus-entzunezko puzzle baten gisa, fikzioa eta errealitatea gurutzatzen ditu zinemagileak, Euskal Herriko itsas paisaietatik abiatuta iparraldeari begira jartzen den ibilbidean. Bidaia geografikoaz harago, irudien bidez eraikitako ibilbidea da: emakume baten mamu eta barrenetatik abiatzen den bidaia pertsonala, begiratzeko modu bat.