Donostia Zinemaldiak argitu berri duenez, hamalau film luzek, hiru film laburek, bi telesailek, film ertain batek eta produkzio-fasean dagoen proiektu batek osatuko dute 68. edizioko euskal uzta. Zinema jaialdiko hainbat sailetan egongo dira ikusgai, eta horietatik 13 ekoizpen sartuko dira Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian.

Zinemira saila fikziozko eta ez-fikziozko bederatzi lanek osatuko dute, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko aukera, guztira,13 filmek izango dute. Euskal ekoizpen onenak 20 mila euroko saria jasoko du. Un otoño sin Berlin (2015) Euskal Zinemaren Galan erakutsi ostean, Lara Izagirre Garizurieta zornotzarrak irekiko du euskal zinemari eskainitako Zinemira saila, eta beste zortzi film ikusteko aukera ere egongo da bertan. Izagirrek 2018an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua izan zen Nora proiektua aurkeztuko du, besteak beste, Ane Pikaza, Héctor Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktore dituena. Filmak aitite argentinarra galduko duen izen bereko emakumearen istorioa kontatuko du: Euskal Herriko kostaldetik Dyane 6 auto zaharrean haren errautsak amamaren errautsekin batera eramateko bidaia egingo du.

David González Rudiz bilbotarrak, aldiz, 2018an La noche los lleva lanarekin lehiatu ostean, bigarrenez parte hartuko du Zinemiran, eta oraingoan bere laugarren film luzea, Talento / Talent, erakutsiko du, film komertzial bat egiteko erronkari aurre egin beharko dion gerrilla-zinemako zuzendari baten istorioa. Bestalde, Eugène Green Frantzian bizi den zinemagile estatubatuarrak bi euskal mitoren berrikuspena proposatuko digu Atarrabi et Mikelats filmean.

Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egun beranduago hilik agertu zen Mikel Zabalza gaztearen kasua kontatuko duen Non dago Mikel? dokumentala zuzendu dute Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas “Pitu”-k, eta  Irizar Sariaren lehian sartuko da, Josu Martínezek eta Txaber Larreategik elkarlanean martxan jarritako Caminho longe proiektua bezala: Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa, zeinak etxera itzultzeko bideari ekingo baitio, Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrean erbesteratuta hamarkadak eman ondoren.

Ekain Irigoien donostiarrak zuzendutako Hijos de Dios (God’s Children) filmaren protagonistak, bestetik, Javier eta Romerales izango dira, Madrilgo kaleetan lo egiten duten bi etxegabe beterano. Bestalde, N´Diawaldi Bouly (2011) eta Born in Gambia (2019) dokumentalak zuzendu ondoren, Natxo Leuza iruindarrak Enrique Villareal ‘El Drogas’ musikariaren (Barricada taldeko kide ohi eta gaztelaniazko rockaren artista garrantzitsuenetako baten)  erretratu poliedrikoa sortu du.

Zinemaldiko hainbat sailetan ohikoa da Telmo Esnal zarauztarra ere izango dugu aurten Zinemiran. Elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz sortutako Urtzen zinema-saiakera proposatuko digu, existentziari buruzkoa. Eta saila Pepe Andreu eta Rafael Molés dokumentalgileen Lobster Soup ekoizpenak itxiko du. Lehiaketatik kanpo, baina, El estado contra Pablo Ibar / The Miramar Murders: The State vs. Pablo Ibar (Olmo Figueredo) eta Jo ta ke / Non Stop (Aitziber Olaskoaga) lanak emango dituzte ere. 

Gainerako euskal ekoizpenak

Euskal Zinemaren Gala irailaren 22an egingo dute Victoria Eugenia Antzokian, eta Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Jon Mayak zuzendutako Bizimina film laburra erakutsiko dute aurrenekoz: dokumentalaren eta dantzaren arteko hibridazioa, bizi dugun pandemia-garaian hobeki sentiarazteko kontakizun baten eraikitze aldera.

EiTB Galan, bestalde, David Pérez Sañudok zuzendutako lau ataleko Alardea telesaila emango dute irailaren 23an, Irun eta Hondarribiko desfile tradizionaletan emakumeek izan duten parte-hartzeari buruzkoa. Aldiz, Arantza Santestebanek 918 gau / 918 Nights proiektuarekin parte hartuko du WIP Europan, Glocal in Progressen bilakaera gisa sortutako Donostia Zinemaldiaren work in progress berrian. Ekoizpen-fasean dagoen film hau Ikusmira Berriak egonaldi-programan eratu zen.

Aurretik Zinemaldiaren beste sail batzuetan iragarritako hainbat ekoizpen ere izango dira Irizar Saria irabazteko lehian: Pablo Agüeroren Akelarre (Sail Ofizialean sartua); David Pérez Sañudoren Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak / Death Knell (biak Zuzendari Berriak sailean) eta Asier Altunaren ARZAK Since 1897 (Culinary Zinema irekiko duena). Zabaltegi-Tabakalera eta Made in Spain sailetan ere euskal ekoizpenak egongo dira. Zehazki, euskal ekoizpeneko bi film laburrek Zabaltegi-Tabakaleran hartuko dute parte: Laida Lertxundiren Autoficción / Autofiction (Autofikzioa) eta Marina Palacioren Ya no duermo. Espainiako zinemaren urteko egoeraren erakusgarri den Made in Spain sailean Paula Cons Varelaren (La isla de las mentiras / The Island of Lies lanak parte hartuko du.