Zuzendaria: Kevin Johnson
Urtea: 2019
Herrialdea: AEB

 

-Etxeko txikientzako litxarkeria-

Zinemaren industriari eta bertoko zinema aretoei babesa erakuste aldera zabaldu dira, azken asteotan, #NiZinemaraNoa edo #ZineMina traolak. Osasun larrialdia zela eta martxoan aretoak hustu eta gero, kosta egin izan zaio sektoreari publikoa berreskuratzea. Orokorrean, konpainia handiek ez dute arrisku handirik hartu nahi izan eta estreinaldiak atzeratu edota plataforma digitaletara mugatzeko apustuaren alde egin dute. Hor dugu, abuztuan estreinatzekoa zen Disneyren Mulan-en (2020) adibidea; azkenik, Disney+ atarian ikusgarri egongo dena ia-ia 22 euroren truk. Gauzak horrela, momentuz ortzi mugan daukagun blockbuster bakarra Tenet (2020) dugu, Christopher Nolan zuzendari ospetsuaren luze itxarondako azken lana; gaur bertan (abuztuak 26) estreinatuko dena.

Zorionez, egoera oso aldekoa ez izanda ere, garai honetan, obra txikiagoek argitu dituzte areto ilun handietako pantailak. Era berean, ez da oharkabe pasa zinemaren historiako hainbat altxor proiektatzearen erabakia.  Zirkuitu handienetatik kanpo ere, zut mantentzen den zinema ederra badagoela baieztatzeko aukera izan dugu azken hilabeteotan zehar.

Zinema aretoak, geure txoko kuttuna, berreskuratu baditugu ere, berriz elkartze hori ez da adin guztientzako posible izan. Izan ere, azkenaldian, faltan bota izan dira etxeko txikienen neurrira egindako filmak. Horixe konpontzera doa aste honetako nire gomendioa, erritmoz betetako kontakizun jatorra: Bihurri, jauretxetik kale gorrira. Zineuskadiren Zinema Euskaraz programari esker, hainbat aretoetan euskaraz ikusi ahal izango da filma: Golem Alhóndiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruñea), Getxo Zinemak, Gran Cinema Zugaza (Durango), Multicines 7 (Bilbo), Gorbeia (Vitoria-Gasteiz), Niessen (Errenteria), Príncipe (Donostia-San Sebastián), Oñatiko Zinema, Bastero (Andoain), Zelai Arizti (Zumarraga), Areria (Lazkao) eta Gurea (Villabona).

Shrek (2001), Shrek 2 (2004) eta Etxean bakarrik (1990) ezagunen produktoreen eskutik ailegatzen da Bihurri…; hori bai, aurrekoek baino aurrekontu askoz murriztuagoarekin. Hori kontuan izanda ere, animazio lana maila handikoa da, Vanguard Animation  –Valiant (2005), Space Chimps (2008)-  estudioaren kontu.  Zuzendariari dagokionez, Kevin Johnsonek ere badu bere itzala animazioaren munduan. Zuzendari lanetan hau bere bigarren film luzea baino ez bada ere, animazio departamentuan, Alvin eta urtxintxak 3 (2011)  edo Burdinezko Erraldoia (1999) bezalakoetan lan egindakoa dugu.

Filmaren argumentua sinplea bezain eraginkorra; bai eta, gaztetxoen zineman milaka aldiz errepikatutakoa ere: bizitza oparo eta luxuz beterikoaz gozatzen du Bihurri txakurrak, egun batetik bestera jabe maitekorra hil egiten den arte. Atsoak utzitako herentzia milioiduna harrapakatzeko prest, etxean aurkezten dira ilobak eta, gertatukoaz oraindik jabetu ez den Bihurri gixajoa, kale gorrira bota egiten dute. Hala, muturra zikintzen ikasi beharko du txakur panpoxak, hiri handiaren burrunban kaleko txakur bihurtua, Zoe musikari-gai gaztearekin topo egiten duen arte. Elkarrekin, lau-hankadun lagun berriak egingo dituzte eta, Zoeren ametsa alde batera geratu gabe, iloba diru-goseen planetatik iheska ibili beharko dira.

Animazio koloretsu eta erakargarriari gehitu beharra zaio soinu banda dinamikoaren atzean, Jessica Weissek –Addams familia (2019)-  egindako lan aparta. Azpimarratu nahiko nuke, gainera, tankera honetako filmen gehiengoa ez bezala, istorioa ez dagoela etengabeko moralkeriaz betea. Txikiekin lantzeko moduko balio ugari ukitzen baditu ere,  zantzuak dira horiek errepikapen melengak baino gehiago.

Zalantzarik gabe, bai txikiek, zein helduek gozatuko dute apaindura zaratatsuen beharrik gabe ikuslea entretenitzea lortzen duen film hau. Izan ere, oinarrian hain sinplea dirudien premisa betetzea lortzen du Bihurri txakurraren istorioak: zinematik irribarretsu (eta urtxintxen  antzera dantzan ere, nork daki)  ateratzea.