Donostia Zinemaldiaren 68. edizioak We Are Who We Are telesailaren mundu-estreinaldia eskainiko du. Luca Guadagninok HBO-SKYrako zuzendu du lana, eta osorik ikusi ahalko da bere zinema-formatuan (7 ordu eta 50 minutu), Sail Ofizialeko emanaldi-berezi gisa.

Fraser, hamalau urteko mutil bat, Venetoko base militar amerikar batera bizitzera joan berri da. Han Caitlin ezagutuko du, bere adineko neska bat. Biak ala biak nahasita daude sexu- eta genero-nortasunei dagokienez. Pixkanaka, lagun bihurtu eta elkarri lagunduko diote, eta, hala, harreman bat dutenaren plantak egingo dituzte, kideen eta kanpoko munduaren presioa saihesteko. Caitlinek bere alderdi femeninoa baztertzen du, ez baitu ezer jakin nahi horri buruz, eta Fraserrek, aldiz, erakarpena sentituko du bere ama Sarahrekin lan egiten duen mutil zaharrago batengandik. Bi protagonisten lehen maitasun-esperientziek eragin ikaragarria izango dute euren bizitzetan.

Oscar sarietarako hautagai izan den Luca Guadagnino zuzendaria lehenbizikoz aritu da bere zinema-estilo berezia telebista formatuan lantzen. Donostia Zinemaldiaren 68. Edizioan aurkeztuko du We Are Who We Are lana, Paolo Giordano eta Francesca Manierirekin batera idatzitakoa. Telesailak adiskidetasuna, lehen maitasun-istorioa eta nortasuna aztertzen ditu Italiako base militar estatubatuar batean bizi diren bi neraberen bitartez. Izan ere, nerabe izatearen euforian eta larritasunean murgilduko ditu telesailak ikus-entzuleak: “Historia munduko edozein lekutan gerta liteke, baina Italiako zati amerikar txiki batean gertatzen da”.

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, jaialdiak We Are Who We Are filmaren mundu-estreinaldia hartzea “luxua” da ekitaldiaren programaziorako. “Plataformetarako telesail bat egin duen lehen aldi honetan, Guadagninok unibertso berezi bat sortu du. Pertsonaia gogoangarriak beren burua aurkitu nahian, berezko nortasuna sortu eta euren lekua aurkitu nahian, lekuz kanpo sentitzen diren mundu batean. Pertsonen –eta, bereziki, gazteen– askatasun eta indibidualtasunen gorespen ederra da. Gainera, ezin hobeki kontatuta, filmatuta eta antzeztuta dago”.

Bada, zortzi kapituluz osatutako telesaila osorik ikusi ahal izango da, betiere bere zinema-formatuan (7 ordu eta 50 minutu). Sail Ofizialeko emanaldi berezien barruan proiektatuko dute.