Hemeretzi film lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakaleran. Donostia Zinemaldiko sail irekienean, Philippe Garrel, Tsai Ming-Liang, Hong Sang-soo eta Peter Strickland zinemagile ospetsuek hartuko dute parte, besteak beste.
Zabaltegi-Tabakalera da Donostia Zinemaldiko lehiazko sailen artean irekiena, ez baitu, estiloari edo denborari dagokionez, inolako arau edo mugarik: laburrak, ertainak, luzeak, fikziozkoak, ez-fikziozkoak, animazioak, serieak, ikus-entzunezko instalazioak, etorkizuneko aurkikuntzak eta klasiko garaikideak, Espainian erakutsi gabeak. Begirada eta molde berriak bilatzen dituen zinemari leku egiten dion saila da; eremu ireki eta arriskatua zinez.
Guztira, 19 film lehiatuko dira 68. Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi-Tabakalera sailean. Hautatutako hamar film luze eta bederatzi film laburrek nazioarteko bidea egina dute ia bere osotasunean: batzuk Berlingo azken zinema-jaialdian saritu edo eman ziren, eta beste batzuek, halaber, Cannesko azken zinema-jaialdian –azkenean bertan behera utzi zenean– parte hartu behar zuten edo laster Veneziako Mostran eta Torontoko zinema-jaialdian egongo dira.
Berlingo zinema-jaialditik datozen eta Espainian estreinatuko diren lanen artean, Hong Sang-soo (Seul, 1960) ekoizle hegokorear ospetsuaren Domangchin yeoja / The Woman Who Ran nabarmendu du jaialdiak. Philippe Garrel (Paris, 1948), azken hamarkadetan Frantziako zineman funtsezkoa izan dena, Donostiara itzuliko da ere azken Berlinaleko Sail Ofizialean aurkeztu zuen filmarekin: La sel des larmes / The Salt of Tears.
Tsai Ming-Liangen (Kuching, Malaysia. 1957) Rizi / Days filma ere Berlinalean parte hartu eta gero helduko da Donostiara. Los conductos filmak Opera Prima Onenaren GWFF Saria ekarri zion Camilo Restrepo (Medellín, 1975) kolonbiarrari Berlingo zinema-jaialdiko Encounters sailean, eta Zinemaldirako pasea eman dio orain. Atal horretan bertan, Catarina Vasconcelos (Lisboa, 1986) portugesak Fipresci saria erdietsi zuen A metamorfose dos pássaros / The Metamorphosis of Birds lanarekin, eta sail berean aurkeztuko du orain ere.
The Trouble with Being Born Sandra Wollner (Leoben, 1983) austriarraren bigarren lana da, eta Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Encounters sailean. Song Fang (Nanjing, 1978) zinemagile txinatarrari dagokionez, CICAE Art Award saria irabazi zuen Berlingo azken zinema-jaialdiko Forum sailean bere bigarren filmarekin: Ping Jing/The Calming.
Nicolas Pereda (Mexiko Hiria, 1982) Cannesko, Berlingo eta Veneziako zinema-jaialdietan egon da, eta Torontoko Zinemalditik igaro ondoren, Fauna estreinatuko du nazioartean. Adilkhan Yerzhanov (Djezkazgan, 1982) zuzendari kazakhstandarra, orain urtebete Sail Ofizialean lehiatutakoa, berriz ere izango da Donostian, Zheltaya koshka / Yellow Cat filmarekin. Halaber, duela aste batzuk iragarri bezala, Juan Cavestanyk (Madril, 1967) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Un efecto optico filmaren mundu-estreinaldiarekin.
Bederatzi film labur
Bederatzi film laburrek osatuko dute Zabaltegi – Tabakalera sailaren eskaintza. Peter Strickland (Reading, 1973) britainiarrak Cold Meridian aurkeztuko du, dantza eta onirismoa uztartzen dituen sei minutuko pieza.
Bestalde, Leonardo van Dijl belgikarrak (Kortrijk, 1991), Stephanie proiektuaren emaitza erakutsiko digu; Stephanie filma, 2017an Ikusmira Berriak programan parte hartu zuena. Sameh Alaa (Kairo, 1987) zuzendari egiptoarrak I am Afraid to Forget Your Face filma aurkeztuko du. Bi lan horiek Cannesko zinema-jaialdiko film laburren hautaketa ofizialean zeuden, baina jaialdi horren 73. edizioa ezin izan da egin, azkenean, COVID-19aren pandemia dela eta.
Naïla Guiguet frantsesak (Vitry-sur-Seine, 1988) techno musikako LGBT+ gau-emanaldi batean filmatu zuen bere lehenengo film labur profesionala; hala, Cannesko Kritikaren Astean hautatu zen Dustin, baita Toronto eta Vila Do Conde zinema-jaialdietan ere. Pedro Peraltak (Lisboa, 1986), berriz, Noche perpetua aurkeztuko du, 1939an Espainiako gerraostearen hasieran gertatutako benetako istorioa batean oinarritutakoa. Bell Zhong (Shanghai, 1991) Huan le shi guang / Having a Good Time film labur berriarekin lehiatuko da.
Azkenik, Zabaltegi-Tabakalerak Espainian ekoitzitako hiru film labur –jada iragarritakoak– programatuko ditu. Carla Simón (Bartzelona, 1986) eta Dominga Sotomayor (Santiago, Txile. 1985) zinemagileek elkarri trukatutako ikus-entzunezko gutunei buruzkoa da Correspondencia; Ya no duermo, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programan hautatutakoa, Marina Palacioren (Donostia, 1996) debuta izango da, Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) graduatu ondoren filmatua; azkenik, Autoficción lan esperimentala aurkeztuko du Laida Lertxundik (Bilbo, 1981).
Zinemaldiak izendatutako epaimahai batek erabakiko du zein filmek jasoko duen Zabaltegi-Tabakalera saria; 20.000 euro entregatuko dira guztira: 6.000 euro filmaren zuzendariari, eta gainerako 14.000 euroak, film irabazlea Espainian banatuko duen banatzaileari.