Donostia Zinemaldiaren babesle ofiziala izatearen abantailaz baliatuta, Radio Televisión Españolak (RTVE) – Cesc Gayren Sentimental (2020) eta Nacho Álvarezen Explota explota (2020) film luzeak aurkeztuko ditu Zinemaldiaren 68. Edizioan. Isabel Allenderen izen bereko eleberrian oinarritutako Inés del alma mía telesailaren lehen irudiak ere erakutsiko dituzte.

Aspalditik bezala, RTVEk parte hartutako zinemak presentzia handia izango du aurten ere Zinemaldian. Babesletzaren indarraz baliatuta, bere lanen lagin zabala izango da ikusgai datorren irailaren 18tik 26ra ospatuko den nazioarteko zinema jaialdian.

TVEk parte hartutako lan horietako lehena munduko-estreinaldi gisa emango da Victoria Eugenia Antzokian egingo den RTVE Galan. Cesc Gay (Bartzelona, 1967) Zinemaldira itzuliko da,  Javier Cámara, Belén Cuesta, Griselda Siciliani eta Alberto San Juan protagonista dituen Sentimental (2020) komedia aurkeztera. Gay beraren Los vecinos de arriba antzezlanaren egokitzapena da; antzezlan horretan, bizilagunak diren bi bikoteren topaketak tsunami emozional bat eragiten du.

Bestalde, Nacho Alvarez (Montevideo, 1986) uruguaitarrak Explota explota (2020) film luzearekin egingo du debuta; Raffaella Carrà italiarraren hit handiak biltzen dituen lana. Mundu-estreinaldi gisa aurkeztuko den film honetan, Ingrid García-Jonsson aktoreak 70eko hamarkadaren hasierako Espainia grisean bere ametsak egikarizatu nahi dituen dantzari eta abeslari gazte bat antzeztuko du. Veronica Echegui, Fernando Guallar, Fernando Tejero, Pedro Casablanc, Carlos Hipolito eta Natalia Millan aktoreek ere parte hartu dute.

Azkenik, RTVEk Inés del alma mía telesailaren lehen kapituluak aurkeztuko ditu Donostian. Alejandro Bazzano (Habana, 1963) kubatarrak eta Nicolas Acuña (Santiago, 1972) txiletarrak zuzendutako drama historikoa da, XVI. mendean girotua eta Isabel Allenderen izen bereko eleberrian oinarritutakoa. Elena Riverak jokatuko ndu Inés Suárez protagonistaren rola. Extremadurako gazteak garai kolonialeko Atlantikoa zeharkatuko du senarraren (Benjamín Vicuña) bila joateko, eta Pedro de Valdivia konkistatzaile espainiarrarekin (Eduardo Noriega) maitasun-harreman sutsua biziko du.