Abian da KSIAtea, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatu eta Tabakalerak kudeaturiko Kultur eta Sormen Industrien Nazioartekotzeko Programa. EAEko kultura- eta sormen- sektoreko elkarte eta fundazioen sustapena indartuko du, hiru ekintza-ildo espezializatu eta osagarriren bidez.

KSIAtea programaren helburua da kultura- eta sormen-industrien sektoreko enpresei eta ekimenei nazioartekotzearen esparruan laguntza eskaintzea, merkatu berrietara ireki eta bezero berriak lortzeko politika bat definitu dezaten. Horretarako, nazioartekotze-diagnostikoak eta -planak egingo dituzte, euskal enpresei indarrean dauden nazioartekotze-programetan eta -ekimenetan parte hartzea errazteko. Era berean, enpresa horiei zuzendutako laguntza-plataformaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko kanpo-sustapenari laguntzeko politika publikoetan modu egokiagoan txertatzeko gomendioak iradokiko ditu.

Nori?

  • Euskadiko kultura- eta sormen-sektoreko elkarte eta fundazioei.
  • Euskadiko kultura- eta sormen-sektoreko enpresei.

Programak eskaintzen duen gidaritza eta laguntza zerbitzuaren onuradun izan nahi duten elkarte eta enpresak kultura eta sormenaren sektoreko kideak izan beharko dira ezinbestean, eta egoitza fiskala EAEn edukitzea eskatuko zaie. Enpresen kasuan, gainera, gutxienez pertsonaz osaturiko lan-taldeak hartuko dira kontutan, gehienez ere %50eko partaidetza publikoa izan dezaketenak.

Nola?

KSIatea programa hiru ekintza-ildo espezializatu eta osagarriren bidez garatzen da: hiru lan-fronte, kultura- eta sormen-industrien sektoreko enpresen forma, ikuspegi eta egoeretara egokitu ahal izateko.

Lehenengo lerroa enpresei diagnostiko bat egiteko aukera eskaintzearekin lotua dago, nazioartekotzeko zein egoeratan dauden jakiteko aukera ematen die horrek: Zein puntutan dauden, eta zailtasunik eta arazorik handienak zein diren.

Bigarren ildoa nazioartekotzeko potentzialaren diagnostiko egokia egin ostean, plan pertsonalizatua egin nahi duten enpresei laguntzea da. Plan hori laguntza eta zerbitzuen deialdi espezifikoetara ere aurkeztu ahal izango da, horien bitartez irekitzen den kanpo-bideari ekiteko edo jarraitzeko.

Hirugarren ildoa prestakuntza ematean datza, enpresetako zuzendariek eta teknikariek nazioarteko bidean arriskurik gabe aurrera egiten lagunduko dieten prestakuntza-elementuak metatu ditzaten. Prestakuntza horiek presentzialak zein birtualak izan daitezke, enpresa bakoitza bere prestakuntza-eskema egokiro osatzeko bezain zabalak.

Noiz?

Zure enpresak nazioartekotze-prozesuari ekiteko dauzkan aukerak aztertu nahi badituzu, eman izena eta parte hartu KSIAtea programan. Eskaerak egiteko epea 2020ko ekainaren 15etik urriaren 15era bitartean egongo da zabalik.