Irailaren 19tik 21era bitartean, ‘online’ formatuan ospatuko da Donostia Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika IX. Koprodukzio Foroa. Hemezortzi proiektu hartuko ditu, bederatzi herrialdetan jatorri dutenak: Argentina, Costa Rica, Espainia, Frantzia, Hungaria, Kolonbia, Mexiko, Paraguai eta Uruguai.
Koprodukzio Foroa garatzen ari diren fikziozko eta ez fikziozko proiektuei zuzenduta dago, eta han Europako zein Latinoamerikako zinema-proiektuek har dezakete parte. Proiektuen arduradunek, pitching saioetan, zinemagintzako kideei aurkez diezazkiekete beren egitasmoak; horretarako, agenda pertsonalizatua izateko aukera ahalbidetzen zaie, profesionalekin hitzorduak zehaztu ditzaten. Honako hauek dira foroaren helburu nagusiak: ikus-entzunezko proiektuen garapena bultzatzea, profesionalen arteko lankidetza sustatzea eta nazioarteko merkatu berrietan sarrera bultzatzea.
Bada, Foroaren IX. edizioa gorpuztuko duen hautaketak proposamen original zein ausartak eta konbentzionalagoak diren ikuspegiak uztartzen ditu, immigrazioaren, sexu-nortasunaren, familia-harremanen, desberdintasuna gaitzestearen eta abarren inguruan. Fikziotik edo begirada dokumental baten bidez, genero-ikuspegian oinarrituta edo kontakizun fantastikoa baliatuta gerturatzen dira lanak errealitatera, gaur egungo gizartearen egoeraren “isla argia eta egokia” osatzera arte.
Hemezortzi proiektuetako hamar egileen lehen edo bigarren filmak izango dira. Hala, Theo Montoya (Anhell69) eta Camila Beltrán (El día de mi bestia) zuzendarien begirada berriak izango ditugu; Cannesko eta Locarnoko zinemaldien 2020ko hautaketen parte izan ziren, hurrenez hurren, egile horien film labur berriak. Juan Sebastián Quebradak (El otro hijo) bere lehen filma aurkeztuko digu, Franco Lolli ekoizlearen eskutik. Ikusmira handia sortu dute, halaber, film hauek: film laburren alorrean ezaguna den Eduardo Esquivel (La eterna adolescente) mexikarraren lehen film luzea; Albertina Carriren ohiko ekoizle izan den Diego Schipaniren (Tres) bigarren errealizazio-lana; eta Antonella Sudasassi costarricarrak (Memorias de un cuerpo que arde) El despertar de las hormigas –Berlinaleko Forum Sailean hautatua– filmaren ostean sortutako lan berria.
Donostia Zinemaldira itzuliko dira, euren bigarren filmen proiektuekin, beren lehen lanak Zinema Eraikitzen edo Koprodukzio Foroan gauzatu zituzten zenbait zinemagile: Lucia Garibaldi (La última reina), zeinak Zinema Eraikitzeneko Industria Saria irabazi zuen eta Sundancen ere saritua izan zen; Alexandra Latishev (Delirio); Mateo Bendesky (La fiebre); eta Nele Wohlatz (Noche americana), alemaniarra, Locarnon saritutakoa eta 2018an Ikusmira Berriak programan parte hartutakoa.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren edizio berri honek, bestalde, hasiera-hasieratik Donostia Zinemaldiaren babesa izan duten ibilbide ezaguneko zinemagileen proiektu berriak ere babestuko ditu: Celina Murga (El olor del pasto recién cortado), Benjamín Naishtat (Pobres Pibes) eta, azkenik, Martín Rejtman (El repartidor está en camino).
Aski ezagunak diren zinemagileek ere beren azken proiektuak ekarriko dituzte forora: György Pálfi hungariarra (Hen) eta Marcelo Martinessi paraguaitarra (¿Quién mató a Narciso?), Paula Markovitch (Ángeles) gidoilari eta zuzendaria Argentinara; Peruko zinemagile Daniel Vidal Tocheren (La anatomía de los caballos); eta Jorge Thielen Armand venezuelarra (La proximidad).
2019an 1.000 profesionalek baino gehiagok parte hartu zuten Koprodukzio Foroan, eta baldintza berezietan izango bada ere, antzeko zifretara hurbildu nahiko lukete antolatzaileek. 2012an sortu zenetik, Foroak 130 proiektu hautatu ditu; horietatik 68 estreinatu dira jada, 6 aurreprodukzio- edo postprodukzio-fasean daude gaur egun eta 39 nazioarteko zinemaldietan hautatu dituzte, hala nola Cannesen, Berlinen, Venezian, Sundancen, Locarnon edo Donostian.
Sariak
Eskaintzen zaien erakusleiho eta kontaktu sare zabalaz gain, eragile desberdinek banatutako lau sari jasotzeko hautagai izango dira proiektuak:
- Proiektu onenari saria, 10.000 euro gordin proiektu irabazlearen produktore gehiengodunari.
- DALE! saria (Europa-Latinoamerika Garapena): Zinema Agentzien Zuzendarien Europako Elkarteak (EFAD) eta Iberoamerikako Ikus-entzunezko Zinematografiako Agintarien Konferentziak (CAACI) ematen dute eta 20.000 euroko saria da, proiektu irabazlearen produktore gehiengodunarentzat.
- Koprodukzio Garapenari Eurimages saria, 20.000 euro gordin Eurimagesek hautagai izateko aukeratutako proiektuetako baten produktore europar gehiengodunari.
- ARTEk ArteKino International Prize saria emango du; 6.000 euro gordin proiektu irabazlearen produktore gehiengodunari.