Elías Querejeta Zine Eskolako 2020-2021 ikasturteko programa akademikoaren seigarren modulua abuztuaren 17an, astelehena, hasiko dute. Camilo Restrepo, Lorena Bordigoni eta Esther Urlus izango dira profesional gonbidatuak.

Aurreko hilabeteetan egin bezala, modulu honetarako hautatutako profesionalek hainbat tailer eskainiko dituzte eta beren lan-esperientziak partekatuko dituzte eskolako hiru espezialitatetako (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) ikasleekin. Programa Camilo Restrepo (Medellin, 1973) zinemagile kolonbiarraren tailerrak abiaraziko du abuztuaren 17an, eta entzunezko arkitekturaren azterketa bat proposatuko die ikasleei, bere lana oinarritzen duena, eta ikasleak euren lanetan metodologia hori baliatzera gonbidatuko ditu. Izan ere, prestakuntzaz artista plastikoa da Restrepo, eta zinemagile autodidakta. Ez ditu bere proiektuak eredu klasikotik lantzen; beretzat, zinema formalki gauzatzen da sortzen denetik eta aurrera egiten du soinu eta irudien konposizioarekin, pinturatik oinordetzan jasotako ordena espazialarekin.

Bestetik, artxiboa eta kontserbazioaren arloan, Lorena Bordigonik Diamant zaharberritze softwarean oinarritutako ‘Irudiaren tratamenduak’ izeneko tailerra emango du abuztuaren 24tik 26ra. Walter Ruttmann, John Ford, Manoel de Oliveira bezalako zinemagileen filmak zaharberritzeko proiektuetan aritua da Bordigoni, eta Cinémathèque Suisse, MOMA, Cinemateca Portuguesa edo British Film Institute/BFI  instituzioentzako egin du lan.

Hirugarren tailerrak, ‘Emultsio primitiboen artea’ izenekoak (abuztuak 24-27), emultsio fotokimiko artisauak ekoiztera bideratuko ditu ikasleak. Tailerra Esther Urlus (Rotterdam, 1966) artista bisual eta WORM Filmwerkplaats erakundeko presidenteak eskainiko du. Zinemaren materialtasunaren historian interesatutako ikasleei zuzentzen zaie bereziki, baina filma biltegiratzeko modu batez gain, pentsamenduak, irudiak eta soinuak eratzeko eta aktiboki distortsionatzeko material gisa lantzen duten zinemagileek ere izango dute zer ikasia.

Matias Piñerio, Sorkuntza graduondoko koordinatzaile berria

EQZEko ordezkariek uztailean jakinarazi zuten Matías Piñeiro irakasle eta adituak ordezkatuko duela Laida Lertxundi Sorkuntza graduondoko koordinazioan. Lertxundi Elías Querejeta Zine Eskolako irakaslea eta koordinazio akademikoaren kidea izan da 2017an eskolako jarduera akademikoak hasi zirenetik, baina irakaskuntzarekin duen harremana alde batera utziko du aldi batez, bere praktika artistikoan eta karrera profesionalean zentratzeko.

Matías Piñeiro (Buenos Aires, 1982) zinema zuzendaritzako ikasketak egin zituen Universidad del Cine (FUC) unibertsitatean, eta zinemaren zuzendaritza, gidoia eta historia irakatsi zituen bertan. 2011n, Estatu Batuetara joan zen Harvardeko Unibertsitatearen Radcliffe Institutuko bekadun gisa, bere proiektu zinematografikoak garatzeko. Gaur egun, zinematografia zuzendaritza irakasten du New Yorkeko Pratt Institute-n. 2019az geroztik irakasle gonbidatua da Le Fresnoy, Studio National des Arts Contemporains-en (Frantzia) eta Elias Querejeta Zine Eskolan (Donostia).

Horrez gain, William Shakespeareren komedietako rol femeninoen inguruko film sorta bat garatzen ari da, Las Shakespeareadas izenekoa. Bere film luzeen artean daude El hombre robado (2007), Todos mienten (2009), Rosalinda (2010), Viola (2012), La princesa de Francia (2014), Hermia & Helena (2016), eta Isabella (2020).  Gaur egun, Sycorax film laburra editatzen ari da; filma Lois Patiño zinemagile galiziarrarekin batera zuzendu du, eta La tempestad-en oinarrituta dago. Datorren urtean Ariel film luzea filmatzeko asmoa du, Patiñorekin batera hori ere. Bere filmak hainbat jaialditan estreinatu dira: Berlinale, Donostia Zinemaldia, Locarno, Toronto, New York Film Festival, Mar del Plata, Bafici, Viennale…