Konfinamendu gogorraren ostean, zinema-aretoen jarduna berraktibatzea helburu duen ‘Zinema pantaila handian’ kanpaina abiarazi du EZAEk. Aurkeztu dituzten pizgarrietako bat izango da internet bidezko erosketak deskontu bitartez sustatzea.
Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteko bazkideek adostutakoaren arabera, ekimenak lau xede nagusi izango ditu: pelikulak pantaila handian ikusteak dituen abantailak azpimarratzea, EZAEren zinema guztietan ezarriko den protokolo zorrotza azaltzea, Internet bidezko erosketak deskontu bitartez sustatzea eta euskal filmei laguntzea, Euskadiko zinemagintzaren balio-kate osoari babesa emanez.
Hala, zinemarekin duten “hitzordua” gogoraraziko zaie zaleei, pantaila handia baita pelikulez gozatzeko modurik onena. Ikusleak erakartzeko pizgarri gisa, euro bateko zuzeneko deskontua ezarriko diete Internet bidez erositako sarrera guztiei -ikuslearen egunean izan ezik-. Modu horretan ere, sarrerak modu seguruan erostea sustatu nahi dute aretoetan.
Segurtasun protokoloa
Zinema-areto guztietan aplikatu beharreko segurtasun protokoloei jarraiki, EZAEk konplitu behar diren neurrien berri emango die ikusleei. Besteak beste, sarrerak Internet bidez erostea edo, bestela, txartelarekin ordaintzea gomendatuko die erabiltzaileei. Era berean, aretoetan jarritako kartelen eta proiektatutako bideoen bidez, bertako langileen jarraibideei eta sarreretako, irteeretako eta joan-etorri guztietako seinaleei jarraitzeko eskatuko zaie ikusleei.
Halaber, segurtasun distantzia mantentzeaz ere ohartaraziko zaie, bizikideen kasuan izan ezik, eta hura mantentzea ezinezkoa denean musukoaren erabilera derrigorrezkoa ezarriko zaie.
EZAE elkarteko zinema-aretoetako saio guztiek ordutegien mailakatzea eta saioen arteko bereizketa izango dute, garbiketa eta desinfekzio lanak burutzeko. Hain zuzen ere, lan horiek errazteko, “ahalegin berezia” eskatu diete erabiltzaileei: aretoa garbi mantendu, eta hondakin guztiak bildu eta paperontzietan uztekoa.