Donostia Zinemaldiak eta Kutxa Fundazioak sinatu duten lankidetza-hitzarmen baten berri eman dute. Honen bidez, Loterías y Apuestas del Estado konpainiak babestutako Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektua aberastuko duten funtsak katalogatuko ditu fundazioak.

Zenbat istorio konta ditzake nazioarteko zinemaldi batek zazpi hamarkada funtzionatzen eman ondoren? Nola gogoratu ditzakegu, berriro ere, Donostia Zinemaldiari 1953an sortu zenez geroztik itxura eman dioten alderdi zinematografiko, politiko, sozial eta pertsonal guztien oroimen eta aztarna materialak?  Donostia Zinemaldiak, EQZE Elías Querejeta Zine Eskolako ikerketa-departamentuarekin batera, Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) proiektua sortu du Zinemaldiaren artxibo bizi bat sortzeko. Proiektuaren lehen fasea 2022an amaituko da, Zinemaldiaren 70. urteurrenarekin batera.

Z70 proiektuaren bidez, Zinemaldiak 1953az geroztik bere artxiboan gordetako funts dokumentalen garrantzia nabarmendu nahi da (gutunak, argazkiak, kritikak eta aipamenak egunkari eta aldizkarietan, liburuak…). Xede nagusia Zinemaldiaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa eta eztabaida sortzea da, sorkuntza zinematografikoarekin eta pentsamendu garaikidearekin elkarrizketa kritikoak sortzeaz gainera.

Horretarako, ekimenak Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren, Euskadiko Filmategiaren eta Loterías y Apuestas del Estado konpainiaren babesak hitzartu zituen hastapenenik. Bada, aurrerantzean, Kutxa Fundazioaren ekarpena gehituko zaio proiektuari.

Kutxa Fundazioaren Fototeka zabalean gordeta dauden eta Kutxateka.eus webgunean kontsultatu daitezkeen argazkien artean Donostia Zinemaldiarekin zerikusia dutenak katalogatzeko konpromisoa hartuko du eragileak. Halaber, Kutxa Kultur Plazan ?Tabakaleran kokatutako erakusketa gunean? argazki-erakusketa bat egingo da urtero. Lehenengo erakusketa 2020ko abenduan izango da, eta Zinemaldiaren artxiboari buruzko ikerketetan oinarritutako azterketa-kasuetako bat aurkeztuko da bertan.

Ente sinatzaileek azaldutakoaren arabera, Lankidetza hori bat dator Kutxa Fundazioak Gipuzkoako ondarearen balioa nabarmentzeko garatzen duen lan-ildoarekin, eta arreta berezia jartzen du dokumentu-ondare fotografikoan. Kutxa Fundazioak ia 50 urte darama argazki-ondarea kontserbatzen eta hedatzen, bere Fototekaren bidez. Fundazioaren Fototekak milioi eta erdi argazki-objektu ?gehienak Gipuzkoarekin lotuak? inguru ditu gordeta.