Eslovenia, Euskal Herria, Georgia eta Turkiako bost ekoizpenek hartuko dute parte WIP Europan, Glocal in Progressen bilakaera gisa sortu den Donostia Zinemaldiaren jarduera berrian. Online formatua eta aurrez aurrekoa konbinatuko ditu, eta irailaren 22an, 23an eta 24an egingo da.
Nagusiki Europako produkziokoak diren filmei zuzenduta dago WIP Europa, orain arte Glocal in Progress izenarekin ezagutu dugun programaren bilakaera baita. 2020 urtetik aurrera, postprodukzio-fasean dauden Europako film guztiek ere parte hartu ahal izango dute, eta hautatuak diren proiektuen produkzio, salmenta, distribuzio eta nazioartekotze sareak indartzea izango du helburu.
WIP Europa egitasmorako hautatzen diren filmak, gainera, WIP Europa Industriaren saria irabazteko hautagai izango dira, eta Industriaren saria irabazten duen filma WIP Europa saria eskuratzeko hautagai izango da. Jarduera ekoizpen gehiena Europakoa duten pelikulei zuzenduta dago, edozein hizkuntzatan, baina hegemonikoa ez den hizkuntzaren batean filmatuta egotea positiboki baloratzen da.
Aurten, WIP Europak online formatua eta aurrez aurrekoa konbinatuko ditu, eta hilaren 22an, 23an eta 24an egingo da, Zinemaldiaren 68. edizioarekin batera. Donostiara fisikoki joan daitezkeen profesionalak aretoko emanaldietara joango dira, beti bezala, eta Industriaren online akreditatuek, berriz, zerbitzu horiek urrutitik baliatu ahalko dituzte.
Hauek dira ikus-entzule profesionalei aurkeztuko zaizkien bost filmak:
- Inventura / Inventory. Darko Sinko esloveniarraren fikziozko lehen film luzea da, aurretik film laburren eta dokumentalen lanketan aritu ondoren. Tiroketa batetik bizirik atera ostean, pertsona askok gorrotatu egiten dutela eta, horrenbestez, bere buruaz duen irudia birplanteatu behar duela konturatzen den gizon baten gorabeherak jarraitzen ditu filmak.
- Mbah Jhiwo / Ancient Soul. Alvaro Gurrearen lehen lana da. Indonesian filmatua (egileak denboraldi luzeak ematen ditu herrialde hartan), filma Sisiforen mitoaren berrikuspena da; Kawah Ijen sumendiaren hegaletatik sufre-harri handiak garraiatzen dituen meatzari bat da protagonista, eta haren emazteak bat-batean familiaren etxea uzten duenean, gizonaren errutinak zeharo aldatuko dira.
- 918 Gau. Arantza Santesteban zinemagilearen pelikula esperimentala da eta 2018an Ikusmira Berriak egonaldi-programan garatutako izen bereko proiektua du sorburu. Euskaraz filmatutakoa, kartzelaren barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratzen ditu egileak, hala nola denbora igarotzen den modua, kanpoko mundutik isolatuta egotea, giltzaperatuta egotearen ondorio fisiko eta psikologikoak, eta menderakuntzaren gune opakoak. Filmaren ekoiztetxeak (Txintxua Films) Glocal in Progress Industria Saria eta Glocal in Progress Saria irabazi zituen 2017an Dantza. Euskal zinemaren ordezkaria izango da.
- Veli / Field. Lasha Tskvitinidze zuzendariaren bigarren film luzea da, marjinalitatearen mugatik igarotzen diren eta egoera pertsonal gogorrei aurre egin behar dieten pertsonaiak protagonista dituen film korala, hain zuzen.
- Iki ?afak Aras?nda / Between Two Dawns. Selman Nacar turkiar ekoizleak zuzendutako lehen filma da, eta npresa txiki bateko langile batek lan-istripu larri izan ondoren haren jabeak biziko duen dilema morala izango du hizpide. Ekoizle gisa, Selman Nacarrek The Pilar of Salt eta Belonging obrak aurkeztu ditu Berlingo Zinemaldiko Forum sailean.
Aurrez aipatutako Dantza filmaz gain, ondorengoak dira Glocal in Progress programan aurkeztu, eta, ondoren, Donostia Zinemaldian parte hartu duten beste film batzuk: Hadrian Marcuren Un om la locul lui / A Decent Man (2018) eta Ignas Jonynasen Nematoma (2019).